argia.eus
INPRIMATU
Futbolean euskara bultzatzea xede duen manifestua aurkeztu dute Aiaraldean
  • Aiaraldeako euskalgintzaren kontseiluak aurkeztu du manifestua, eskualdeko kirolari ezagunen, ikastetxeen, guraso elkarteen, euskalgintza entitateen eta kirol elkarteen atxikimenduarekin.

Ilargi Manzanares 2023ko ekainaren 19a
Ostegunean egindako ekimena. Argazkia: Aiaraldeako euskalgintza.

Laudioko Lamuza Parkeko kirol kantxan aurkeztu dute futbolean euskara bultzatzea xede duen manifestua. Eskola komunitateko eta euskalgintzako ordezkariek hartu dute parte, hainbat kirolarirekin batera. Bertan izan dira Iñaki Aretxaga futbol entrenatzailea, Aimar Amondo pilotaria edo Patri Pinedo eskubaloi jokalaria. Eskualdeko hamazazpi kirolari ezagun, hamabost ikastetxe, hiru guraso elkarte, euskalgintzako bost entitate eta kirol elkarte bat atxikitu dira.

Irakurritako manifestuan, eskualdeko futbolean euskarak duen egoeraren irakurketa kritikoa egin dute, eta eskualdeko futbol elkarteen elkarlana eskatu. Horrekin batera, hizkuntza eskubideak bermatzearen beharra aldarrikatu dute. Gurasoei ere eskatu diete beren seme-alaben aisialdia eta kirola euskaraz bultzatzea.

Euskara indartzeko kirolak eta futbolak duen paper garrantzitsua aipatu dute aurkezpenean. Eskualdeko futbol taldeei hurrengo bost proposamenak luzatu dizkiete: euskalgintza eta instituzioekin elkarlanean aritzea; futbol elkarte bakoitzak Euskara Plana egitea eta betetzea; komunikazioan euskarari lehentasuna ematea; entrenatzaileak euskaldunak izatea; hizkuntzarekiko jarrera proaktiboa izatea.

Manifestu osoa beraien webgunean irakurri daiteke.