argia.eus
INPRIMATU
Futbolaren burbuila
Juan Mari Arregi 2014ko ekainaren 13a

Euskal Herrian adreiluaren burbuila lehertzeak ekarri dituen ondorioak oso ondo ezagutzen ditugu. Orain beste burbuila bat daukagu ordea, futbolarena, ez kirolari dagokiona, baizik eta futbolaren negozioarena –eta neurri txikiagoan saskibaloiarena–. Oraindik ez da lehertu. Brasilgo Munduko Futbol Txapelketan bete-betean sartu garen honetan, ona litzake gazteei eta jendarteari eskaintzen zaien futbol eredua errebisatu eta aldatzea. Hain justu, Brasilen langileak eta herri sektoreak mobilizatu egin dira Mundu Txapelketaren gastu ikaragarriak salatzeko eta garraio publikoan, hezkuntzan eta osasungintzan hobekuntzak eskatzeko.

Zifra batzuk: Brasilek 2.500 milioi euro gastatuko ditu Mundu Txapelketan; Hegoafrikak 1.000 milioi euro gastatu zituen. FIFAk –multinazional bat, kirol erakunde bat baino– 4.000 milioi euro irabaziko ditu eta horietatik 35 milioi irabazleentzat dira. Diru sariak eskandalagarriak dira: Txapelketa irabaziz gero, diru gehien poltsikoratuko duena Espainiako selekzioa da, jokalari bakoitzarentzat 720.000 euro. Alemaniarrek 300.000 euro irabaziko lituzkete eta Kamerungoek 76.000 euro. FIFA nazioarteko publizitateak sostengatzen du ekonomikoki eta ustelkeria kasuez inguratuta dago. Anartean, soldata milioidunak ordaintzen diren Espainiako futbolari inbertsioak erraztu eta pribilegio fiskalak eskaintzen zaizkio, Ogasunari eta Gizarte-segurantzari milioika euro zor dizkion arren. Euskal futbola eta saskibaloia ingurumari horretan daude.

Gobernuek eta administrazioak badakite futbolak milioika lagun mobilizatzen dituela. Bultzatzen dituzten politikek erakusten dute gastu milioidunak egiteko prest daudela, futbola izan dadin herriaren opioa –lehen erlijioa zen gisan–, jendartea lokartuta edukitzeko eta hala Troikak –multinazionalen eta fortuna handien kudeatzaileak– inposaturiko austeritate politiken kontra euren haserrea ez azaltzeko. Baina iritsi liteke momentua masak matxinatu eta burbuila hori zulatu dezaketena. Ea berandu baino lehen den.