argia.eus
INPRIMATU
Futbola

Jabi Elorza Antia 2024ko urriaren 01

Ikasle berria heldu zaigu ikastetxera. Irlandatik dator. Ama Bilbo ingurukoa eta aita irlandar peto-petoa.

Neskak ez daki euskaraz baina gaztelaniaz bikain hitz egiten du. Irakasleak arbel aldera atera du, bere burua aurkez diezaien ikaskide berriei eta, amaitutakoan, nahi duenak, galderak egin diezazkion.

Amaitu du bere aurkezpena, ez da asko luzatu, eta ikaskide berriak galdezka hasi dira.

Bizpahiru ohiko galdera eta erantzunen ostean, Bilbo inguruko nahiko maila oneko futbol talde batean aritzen den mutil batek, eskua altxatu eta irribarretxo sarkastikoz, honako galdera hau egin dio bere lagunei zeharka begira:

−Irlandan zergatik dira hain txarrak futbolean? Hango mutilek ez dute futbolean jokatzen ala?

Ez dut futbola gorroto, gustatu egiten zait, baina gure ume eta gazteei beste kirol batzuk ere badaudela gehiagotan gogorarazi beharko geniekeela uste dut

Klaseko mutil futbolzale guztien baiezko keinuak, irribarreak eta kolpetxoren bat bizkarrean.

Irakaslea zutik jarri da futbolzaleei zerbait esateko asmotan, lehenengo egunean dena kontrolpean izan nahi du, baina ez du deus ahoskatzeko astirik izan, ikasle irlandar berriak aurrea hartu dio.

−Irlandan neska-mutilek errugbian jokatzen dute, futbolean “pringauek” jokatzen dute, ahulek, errugbirako balio ez dutenek.

Errugbia maite dugunon, futbola gorroto dutenen eta emakumeen integrazioaren alde borrokan aritzen garen guztion orgasmoa alde batera utzita (denok maite dugu apur bat orain ikasle berria), gure ikastetxeko ikasleentzat irakaspentxo bat.

Ez dut ezagutzen gertutik Euskal Herriko beste lurraldeetako antolamendua eskola-kirol kontuetan, baina Bizkaian, Bilbo inguruan behinik behin, ia dena, dena esatea gehiegi ez ote den beldur, futbola da.

Ez dut futbola gorroto, gustatu egiten zait, baina gure ume eta gazteei beste kirol batzuk ere badaudela gehiagotan gogorarazi beharko geniekeela uste dut.

Jabi Elorza Antia