argia.eus
INPRIMATU
Futbol Liga: Telebistak soinu-grabazioen bidez bete nahi du zaleen hutsunea
  • Futbol partidak zalerik gabe jokatu bitartean, haien burrunbaren hutsunea soinu-grabazioekin bete nahi duela adierazi du Espainiako Futbol Ligaren irudi-eskubideak dituen Mediapro ekoiztetxeak. Futbolariek esandakoak entzun ahal izateak bazuen interesa telebista ikusleentzat, baina antza hobe da horiek ixilaraztea, polemika edo hitz trukaketa deigarririk balego, soinuaren monopolioa izateko.

Jon Torner Zabala @jtorner 2020ko maiatzaren 27a
Harmailetako burrunbarik gabe, aukera zegoen zelai barnekoak entzuteko. Argazkian, Bundesligako partida bat / Getty Images

Mediapro enpresako presidente Jaume Rouresek RNE irratian azaldu duenez, beste partida batzuetan grabatutako soinuekin emitituko dute futbola, COVID-19ak behartutako geldialdiaren ostean. Egoerak okerrera egiten ez badu ekainaren 11n berrabiatuko da Liga, neurri zorrotzen pean. Zalerik, esaterako, ez da bilduko futbol zelaietan.

Egoera surrealista izanik ere, zalerik gabeko futbolak baditu osagai interesgarriak. Horietako bat da aukera ematen duela futbolariek, entrenatzileek edota arbitroek zelai barnean esaten dituztenak entzuteko. Mediaprok, baina, horiek estaltzea erabaki du, telebistaz jasoko den giroa "ahalik eta errealena" izateko, Rouresen hitzetan.

Erabakiaren atzean, ordea, bestelako asmoak izan daitezke. Izan ere, jokalarien artean ohiz kanpoko eztabaidarik balego, adibidez, audio-grabazioaren monopolioa ere bai Mediaprok eta Ligak izango lukete.

"Ere bai" esan dugu, albiste hau gogoan: Espainiako Futbol Ligak informazio grafikoa monopolizatu nahi duela salatu dute fotokazetariek. Futbol liga profesionaletako entrenamendu eta partidetan euren lana libreki egin ahal izateko oztopoez mintzo dira fotokazetariak.

Hain justu, informatzaile grafikoek elkarretaratzea egingo dute bihar, osteguna, 9:00etan Zubietako kirol-gunearen atarian, Informazio eskubidea ez dago jokoan lelopean.