argia.eus
INPRIMATU
Futbol entrenatzailearen astakeriak edo “bortxaketaren kultura” nola ari den normalizatzen
  • Duela lau urte, Carlos Santiso futbol entrenatzaileak, esan zuen 15 urteko neska baten aurkako sexu erasoa eredu zela, taldekideen arteko batasuna nola sendo daitekeen ikusteko. Haren hitzek hautsak harrotu dituzte berriro, Rayo Vallecanok fitxatu berri duelako nesken taldea entrenatzeko.

Jon Torner Zabala @jtorner 2022ko otsailaren 03a
Vallecas auzoko zaleen pankarta.

Duela lau urte WhatsApp bidez bidalitako audioa da; iazko azaroan atera zen argitara. Rayo Vallecano-ko entrenatzaile berria ari da hizketan. Garai hartan infantil mailako gizonezkoen talde bat entrenatzen zuen, eta talde teknikoko kideei bidali zien audio-mezu horretako pasarte bat da honakoa:

"Staff hau izugarria da, baina gauza batzuk falta zaizkigu. Falta zaigu, berriro esango dut, Arandinakoen moduko zerbait egitea, tio. [Neska] bat harrapatu behar dugu, baina adinez nagusia izan dadila, arazotan ez sartzeko, guztiok batera hantxe bertan akabatu... Horrek batzen ditu staff bat eta talde bat. Begira Arandinakoak, zuzenean zihoazen maila bat igotzera. Tira gazteok, igande on".

Hamabost urteko neska bati eraso egin zioten, 2017ko abenduan. Hasiera batean hiru jokalari zigortu zituen Burgoseko Probintzia Auzitegiak, sexu erasoa egin izana leporatuta: Carlos Cuadrado, Raúl Calvo eta Víctor Rodríguez. Gaztela eta Leongo Justizia Auzitegi Nagusiak zigorra arindu zuen gero, sexu abusua izan zelakoan, eta ez bortxaketa. Jokalarietako bat absolbitu egin zuen, gainera.

Rayo Vallecanoko zaleak kexu agertu dira, eta eskatu dute nesken taldeko entrenatzailea kargugabetzeko, baita mugimendu feministak ere, beste hainbat eragilerekin batera. Carlos Santisok, bestalde, lotsaturik dagoela azaldu du, damu dela eta barkamena eskatzen duela. Klubaren webgunean sareratu duen oharrean, azaldu du "broma matxista barkaezina" izan zela. Klubeko presidenteak, Raúl Marin Presak, ez du, oraingoz, entrenatzailea kargugabetzeko asmorik agertu. "Profesionalak kontratatzen ditut nik, ez pertsonak".

Zenbat bider entzungo ote genuen gauza bera, pertsona eta profesionala (aktore, musikari, futbolari edota idazle) bereizten jakin behar dela, emakumeen aurka eraso egiteagatik gizonezko bat epaitua denean? Mugimendu feministak kasu honetan bezala lehenago ere, hainbatetan salatu duenez, "bortxaketaren kultura" zein normalizatuta dagoen erakusten dute horrelakoek.

Gaiaz artikulua idatzi du @Barbijaputa-k Publico egunkarian: El entrenador del Rayo o cómo los hombres solo aman a otros hombres ("Rayoko entrenatzailea edo nola gizonek soilik maite dituzten beste gizon batzuk").

Artikulu horretatik hartutako pasartea da hau: "Gizonezkoen artean sakon erroturik dagoen zerbait islatzen dute hitz horiek. Maskulinitatea, homoafektibotasuna, euren arteko batasuna... maiz lortzen da emakumeak sakrifikatuz. Gure gozputzez abusatzeak balio die teknika hobetzeko, joko-zelaian harremanak eta konplizitatea estutzeko. Joko hori futbola izateak aparteko artikulua merezi du".