argia.eus
INPRIMATU
Fusila eskutan, protesta egin dute AEBetan konfinamendu neurrien aurka
  • Koronabirusari aurre egiteko konfinamendu neurri zorrotzak ezarri dituzten demokraten menpeko estatuen aurka presio politiko handia egiten ari dira Trump eta bera boterera eramaten lagundu duten lobby ultraeskuindarrak. Michigango manifestazioa horren froga grafikoa izan da aste honetan.

Axier Lopez @axierL 2020ko apirilaren 17a
Argazkia: Newsbreak

Michigango gobernadoreak, Gretchen Whitmerrek, Ameriketako Estatu Batuetako berrogeialdi neurririk zorrotzenetako bat ezarri zuen, koronabirusa geldiarazteko asmoz. Pandemiak Michiganen gogor jo du, gutxienez 27 mila kasu ditu eta 1.700 bat hildako.

Asteazkenean 4.000 bat ultraeskuindarrek kaleen zirkulazioa blokeatu eta, batzuk fusila eskuan, protesta egin zuten Lansing hiriburuko kapitolioko atean. Maiatzaren 8ra arte osasun larrialdia luzatu duen aginduaren aurka egin zuten. Alderdi Demokratako Whitmer gobernadoaren azken agindua gehiegizkoa izan dela uste dute eta "eskubide konstituzionalak ezabatzea" leporatu diote.

Protesta, Gridlock Operazioa izenekoa, Michigango Koalizio Kontserbadoreak sustatu zuen, beste batzuen artean. "Manifestazio hau egin dezakegu, urruntze-soziala hautsi gabee", esan du Marian Sheridan koalizioaren sortzaileak, protestaren aurretik argitaratutako ohar batean.

Sare sozialetan hainbat talde osatu dituzte distantzia soziala eta konfinamendu neurriak desobeditzeko.

"Nire eskubide konstituzionalak ezinbestekoak dira".
Michiganen Donald Trumpek 2016ko hauteskundeetan gutxigatik irabazi zuen. Argazkia: Seth Herald

Hego Carolinan, Kentuckyn, Ohion, Kalifornian, New Hampshirem eta Texasen ere eskuindarrek manifestazioak egin dituzte koronabirusari aurre egiteko neurrien aurka.