argia.eus
INPRIMATU
Funtzionario gurasobakarren amatasun baimena bikoteena bezain luzea izateari uko egin dio Nafarroako Legebiltzarrak
  • Eskubide honek hainbat epairen bermea daukan arren, langile publikoek salaketak jartzen jarraitu beharko dute zaintzarako baimen osoa lortu ahal izateko. Proposamena EH Bilduk egin du Izquierda Ezkerraren sozietateen gaineko zergak igotzearen inguruko mozio batean, baina ez da debatean aipatu ere egin.

Mikel Urabaien Otamendi @mikel_ura 2023ko urtarrilaren 20a

Gurasobakarrek epaitegietara jo beharko dute bikoteen amatasun baja osoa eskuratu ahal izateko, baita funtzionarioek ere. 2020ko apirilean Bilboko Lurralde Auzitegiko sententzia batek eskubide hori onartzeko jurisprudentziari atea zabaldu bazion ere, Nafarroako langile publikoek oraindik ez dute horrelako baimenik aitortuta haien hitzarmenetan.

Eta oraingoz ere ez dute izango, debatea ez baita lehentasunezkoa erabaki politikoak hartzen dituzten erakundeetan. Hori agerian geratu zen atzo Foru Legebiltzarreko osoko bilkuran, gaia bozkatutako mozioan zegoen arren, oharkabean pasa zelako.

Proposamena EH Bildurena zen, baina Izquierda Ezkerrak sozietateen gaineko zergak handitzearen inguruan prestatutako puntuak metatu zuen debate guztia. Ganbararen gehiengoak ezezko bozka eman zion zergen erreformari eta, horrekin batera, amatasun bajari ere.

Haurraren eskubidea, lehentasunezkoa

EH Bilduren proposamenaren testuak EAEko, Galiziako eta Madrilgo hainbat epai ekarri ditu gogora, zeintzuetan jaioberriaren eskubidea lehenesten den. Izan ere, sententziak bat datoz: “Familia gurasobakarraren aldeko hautuak ez luke zertan kalterik eragin beharko adingabearen zaintza, arretari eta haren eskubideei dagokienez”.