argia.eus
INPRIMATU
Funtsezkoa jendea da
Lurdes Fernandez Irisarri 2024ko azaroaren 24a

Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko testuinguruetara egokitzen diren bi ardatz diskurtsibo nagusi bilakatu dira. Eta, gainera, geroz eta nabarmenagoa den prekaritateak diskurtso horiek elikatzen ditu. Hemen bertan bizitzen ari gara hori, Donostian.

Antifeminismoak emakumeek gizartean mendeko lekua izan behar dutelako pentsamendua babesten du, eta indarkeriaren eta desberdinkeriaren kultura iraunarazi; arrazismoa –bere sotiltasun guztiekin–, arraza batzuk besteak baino gehiago diren ustean, indarkerian, gizarte-bazterkerian eta oinarrizko eskubideen ukazioan oinarritzen da. Zalantzarik gabe, horrelako gorrotoak jasaten dituztenentzat aurkako giroa sortzen duen ingurune bat.

Hala ere, badira esperientzia positiboak. Mobilizatzeko gaitasuna duten erresistentziak, komunitatea eraikitzen dutenak. Horretaz guztiaz hitz egin nahi dugu Medicus Mundi Gipuzkoak antolatzen dituen VII. Fundamentalismoen inguruko Topaketetan. Horietan, aurre egin beharreko erronkei heltzen saiatuko gara. Era berean, munduko hainbat lekutan indarkeria mota horiei guztiei aurre egiteko funtzionatzen ari diren esperientziak eta tresnak ezagutu eta partekatuko ditugu. Hori guztia, bidezkoagoa den gizarte berdinzaleagoa lortzeko bidean, borroka kolektibizatzeko helburuarekin. Horrenbestez, herritar guztiak, azaroaren 28 eta 29ko goizetan, Donostiako UPV/EHUko HEFA I eta Psikologia Fakultateetako Gela Nagusian egingo diren jardunaldi hauetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.

"Fundamentalismoen aurka, funtsezkoa jendea delako".

Lurdes Fernandez Irisarri, Medicus Mundi Gipuzkoa GGKEko lehendakaria