argia.eus
INPRIMATU
Funtsezkoa ez den jarduera ekonomiko guztia geldiaraztea agindu du Sanchezek
  • Funtsezkoa ez den jarduera ekonomikoa geldiaraziko duela iragarri du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko lehendakariak. Ministroen Kontseiluak igande honetan egingo duen ezohiko bileran onartuko du neurri hori.

2020ko martxoaren 28a

"Gobernuak Ministroen Kontseiluan ezohiko neurri bat onartuko duela iragartzen dizuet: funtsezkoak ez diren jardueretako langile guztiek etxean geratu beharko dute datozen bi asteetan", adierazi du Sanchezek Moncloan egindako agerraldian.

Presidenteak azaldu duenez, neurri hori, gutxienez apirilaren 9ra arte luzatuko dena, "Baimen ordaindua" izango da, eta "funtsezkoak ez diren jarduera guztietako langileei aplikatuko zaie". "Egun hauetan langileek normaltasunez jasoko dute euren soldata, eta pixkanaka eta denboran zehar eskaini gabeko lan orduak berreskuratuko dituzte". Gobernuko iturriek azaldu dutenez, baimen hori enpresek ordainduko dute, eta horregatik orain galdutako lanorduak gero berreskuratu egin beharko dira.

Sanchezek orain arte uko egin dio jarduera erabat geldiarazteari, zenbait gobernu autonomikok eta talde politikok eskatu dioten bezala, Espainiako Estatuak inguruko herrialdeetako neurri "zorrotzenak" hartu zituela defendatzen zuelako. Erabaki “hain sendoa eta hain gogorra” hartzen duela Aste Santua gertu dagoelako.

"Itxi beharrean, proposatu dugun ideia da jaiegun horiek aurreratzea, funtsezkoak ez diren zerbitzuetako langileek gerora berreskura daitekeen baimen hori jaso dezaten. Aste Santuaren atarian gaudelako egiten dugu orain, eta modu oldarkorragoan moztu ditzakegulako kontaktuak eta, ondorioz, ospitaleratzeak eta ZIUen gaineko presioa", adierazi du presidenteak.

Neurriaren helburua, beraz, konfinamendua gogortzea, kutsatuen kopurua murrizten laguntzea eta, ondorioz, osasun sistemari laguntzea da, kolapsatu ez dadin. Fernando Simon Espainiako Gobernuko larrialdietako zuzendariak larunbat honetan bertan azaldu duenez, ospitaletako ZIUen egoera larriena gaitzak gailurra jo ostean iritsiko da.