argia.eus
INPRIMATU
Funtsezkoa delako

Garaztarrak dantza taldea 2021eko urtarrilaren 21

Frantses legegintzaren arabera, eskolatik kanpoko aktibititateak hasten ahal ziren urtarrilaren 4etik goiti. Horri esker Donibane Garazin, Iparralai eta Garaztarrakoek dantza kurtsoen berriz hasteko manera ukan dute, presentzialean, ohiko Lauribar gelan.

Urtarrilaren 6an asteazkenarekin, gurasoak ez dira gutti harritu beren haurrak 14:00etako kurtsora eramatean, herriko etxeko agenteak Lauribar gelaren desinfektatzen ikusi dituztelarik. Berehala, gela erabiltzen duten elkarteek herriko etxeari buruz itzuli dira, argibideak ukaiteko. Errana izan zaie gela berriz ere Osagarri Zentro Aintzinatu bat bilakatuko dela, txerto kanpainaren eramaiteko. Asteazkeneko eguna, eskolatik kanpoko aktibitateekin egun kargatua izanki –kasu honetan dantza–, dena ezeztatu behar izan dugu, baita familiak abisatu ere, denbora guti barne. Ororen buru, 30 bat haur, bi dantza irakasle eta lau kurtso ezeztatuak izan dira.

"Arazoa ez da txerto zentro baten sortzea, baina egiteko manera: aitzin abisurik ez, argibiderik ez, jakinez hitzarmen bat badela gelaren erabiltzaileen eta herriko etxearen artean"

Arazoa? Arazoa ez da txerto zentro baten sortzea, baina egiteko manera: aitzin abisurik ez, argibiderik ez, jakinez hitzarmen bat badela gelaren erabiltzaileen eta herriko etxearen artean. Ez ote zen ostegunarekin egiten ahal gelaren desinfekzioa? Ez dea herriko etxearen gain segurtatzea gela libre dela? Herritarretik hurbil izan nahi duen herriko etxe honek, nola jokatzen ahal du gisa horretan? Kanpotik so eginez egia erran, kurtso ezeztatze sinple bat iduri luke, bainan ikusiz haurrek bizi duten COVID garai bukaezin hau, egiteko manera horiek ez dira funtsgabekoak. Istorio honetatik zer uste duzue haurrek atxikiko dutela?

Herriko etxea engaiatu da gure arazoari aterabide baten atzematera. Erran gabe doa, guretzat, arazoa ez dela gurea baina bai haiena. Berriz ere, gurekin trukatu gabe, herriko etxeak Lasako gelara (karrelatua den gela, dantzarentzat ez dena normetan) eta Izpurako gelara igortzen gaitu. Sortu den mina: Kulturgintzak du oraino pairatzen.

Solasaldi sinple batekin hemen agertzen den guzia saihesten ahalko zen. Hori aski ez balitz bezala, Frantziako lehendakariaren erranetan “funtsezkoa ez” den arlo bezala kontsideratuak gara. Ez kontsultatua eta ez abisatua izaiteak du min egiten. Errespetu falta horrek erakusten digu herriko etxeak gure aktibitateentzat duen funts eskasa. Sekulan baino gehiago, gorputzaren eta gogoaren orekarentzat, aktibitateak eta elkarretaratze momentuak behar ditu gure publikoak. “Funtsezkoa” da!

 

* Garaztarrak dantza taldea eta Iparralai dantza eta musika eskolako guraso batzuk