argia.eus
INPRIMATU
Funtsean, zer behar du Euskal Herriko kulturgintzak?
  • “Premiazko neurriak” hartzeko eskatu dio GEUK plataformak Kulturaren Euskal Kontseiluari, “kulturaren ekosistemaren endekatze progresiboari” aurre egiteko asmoz.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2015eko otsailaren 09a
Durangon kulturgile ugari bildu zituen topaketan hasi zen mamitzen astelehenean aurkeztu duten premiazko neurri sorta.

Aste honetan dauka bilera euskal kulturako eragile publiko eta pribatuak elkartzen dituen Kulturaren Euskal Kontseilua. Zita horren aurretik, esparru ugaritako sortzaile, antolatzaile, hedabide eta hezitzaileek osatzen duten GEUK plataformak programa konkretu bat jarri du mahai gainean, “kulturak bizi duen egoera larriari” konponbidea bilatzeko.

Astelehen goizean Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu duten dokumentuak neurri zehatzak proposatzen ditu hainbat esparrutan –alor ekonomikoa, juridikoa, ikusgarritasuna…– eta zortzi helburu nagusi finkatzen ditu, sakabanatuta dagoen sektorea artikulatzetik, kulturgintzarekin lotutako enplegua sustatzeraino.

Legedian aldaketak eskatzen dituzte xede horietako batzuk lortu ahal izateko –adibidez, herritar guztiek kulturarako sarbidea bermatuta izan dezaten– eta gaur egungo teknologien erronkari aurre egiteko laguntzak ere agertzen dira premien zerrendan.

Eztabaidarako dokumentu izan nahi du aurkeztutako egitasmoak, kulturgintzan eragina duten agente guztien artean bide amankomunak bilatzeko.

Sektore bat martxan

5.000 enpresa, 20.000 langile, 10.000 elkarte eta 30.000 boluntario baino gehiagok osatzen dute kulturaren ekosistema Euskal Herrian, GEUKek emandako datuen arabera.

2014an Durangon egindako bi saiorekin hasi zen ibiltzen plataforma, sektore zabal horretako kideek elkar ezagutzea eta batera lan egitea sustatzeko. Aste honetan aurkeztu duten Premiazko Neurrien Egitasmorako kultur esparruan diharduten 300 lagun baino gehiagoren ekarpenak jaso dituzte.

Kulturaren Euskal Kontseiluari proposatutako neurriak kontuan hartzeko eskatzeaz gain, EAEko Legebiltzarrean, bestelako administrazio publikoetan eta alderdi politikoen artean ere zabaldu nahi dute Premiazko Neurrien Egitasmoa, baita herritarren artean ere.

Informazio gehiago:

GEUKek aurkeztu duen egitasmoa eta orain arte egindako ibilbideari buruzko informazioa, plataformaren webgunean.