Alokairuen grebaren bezperetan aurkeztu du bere burua Asval elkarteak, Espainiako Estatuko etxejabe txiki eta handien ordezkari gisa azalduz jendartean. Kataluniako Sindicat de Llogateres-ek salatu du honen atzean funts putreak eta higiezinen agentziak daudela, eta beren asmoa gobernuari presioa egitea dela, espekulatzen jarraitzeko.
Martxoaren 27an aurkeztu zuen bere burua alokairuen merkatuaren ordezkari izan asmo duen Asval-ek (Alokatutako Etxebizitzen Jabeen Elkartea). Beren webgunean irakurri daitekeenaren arabera, “alokairuen merkatu eraginkor, orekatu eta arrazoizkoaren alde lan egiteko asmoz sortzen da Asval”, eta jabe txiki zein handiak bildu eta ordezkatuko ditu. Alabaina, Bartzelonako Sindicat de Llogateres-ek (Maizterren Sindikatua) salatu du elkartearen osaketa eta beronen xedeak ez direla egiatan horiek.
“Elkartea jabe txiki zein handiek osatzen dutela diote. Egiatan soilik hiru ‘jabe txiki’ barne biltzen ditu, elkartea legitimatzeko”, seinalatu du Sindicat de Llogateres-ek. Elkartearen sortzaileak nor diren begiratu besterik ez da behar egitasmoa nondik datorren ezagutzeko eta izan ditzakeen asmoak zein norabidetan doazen ondorioztatzeko: Kataluniako La Llave de Oro eta Madrileko Tectum higiezinen agentziek, Ares Management funtsarekin batera, erabaki zuten Asval sortzea; eta behin ideia mahai gainean jarrita, batu egin zitzaizkien Blackstone funts putrearen SOCIMI diren Testa Home –Fidera berna hartzen duena– eta Albirana promotorea.
Espekulatzaile erraldoiak dira Asvalen atzean ezkutatzen direnak, nahiz eta diskurtsiboki jabe handi zein txikiak barne biltzen dituela esan. Diskurtsoak erantzungo lioke sindikatuaren arabera funts putreek eta promotoreek lortu nahi dutenari: etxejabe txikien babesa izatea, beren helburuak lortzera bidean. Asval espekulatzaileen patronala dela garbi du: “Bere helburua izango da Espainiako Gobernuari presioa egitea higiezinen espekulazioa errazten segi dezan”.
Bartzelonako alkate eta Espainiako Gobernuko Industria, Turismo eta Merkataritza ministro izandako Joan Clos i Matheu da Asvalen buru. Ondoz ondo du, zuzendari gisa, Fotocasa higiezinen atariko Beatriz Toribio.
“Higiezinen atariak aktore neutralak ez direla diogunean zeozergatik da. Orain arte ‘espekulatzaileen patronalaren’ papera eurek betetzen zuten era informalean”, azpimarratu du sindikatuak.
Ez dirudi kasualitatea apirilarekin batera abiatzekoa den alokairu greba masibo baten atarietan ikusi izana argia Asvalek. Elkarteak berak adierazi du elkartea publiko egin aurretik hilabete gehiagoz lan egin nahi zutela, baina koronabirusak eragindako egoera tarteko, beren burua aurkezteko beharrean ikusi direla, etxejabeen alde jarduteko.
Asvalen helburuen artean alokairuen etetea eta prezioen arautzea ekiditea dagoela salatu du Sindicat de Llogateres-ek. Hala ere, elkartearen agerpenarekin ondorio positiboak atera daitezkeela dio: espekulatzaileak beren negozioa galtzeko beldurrez daudela, alegia. “Horregatik behar dute etxejabe txikien konfiantza irabazi. Egiatan nahi dutena beren legitimitatea indartzea da, koiuntura honi probetxua ateratzeko”.
Ildo horretan etxejabe txikiei gogorarazi die funts putreek, higiezinen promotorek, socimi-ek (Higiezinen Merkatuan Inbertitzeko Sozietate Kotizatu Anonimoak), sicav-ek (Kapital Aldakorreko Inbertsio Sozietateak) eta higiezinen atariek ez dituztela babestu nahi, beren helburua higiezinen merkatuan daukaten posizioa indartzea besterik ez dela, bizi dugun krisitik ateratzen garenerako. Ohartarazi dute etxebizitza baten jabearen, hipotekadunaren edo etxejabe txikiaren arazoek zerikusi gehiago dutela maizterren arazoekin, milioidun horien arazoekin baino. “Ez dugu onartuko beren bono milioidunak eta akziodunen mozkinak babesteko herritarren artean gerra piztu dezaten”, adierazi du Sindicat de Llogateres-ek.