Elkarrekin-Podemosek eta EH Bilduk aurkeztuta, enpresa estrategikoei lagunduko dien banku publiko baten sorrerari buruzko mozioa eztabaidatu dute Eusko Legebiltzarrean. Euren esanetan garrantzitsua da enpresa horiek EAEn errotuta eta funts putreen eraginpetik kanpo egotea. Mozioa baztertu du Gasteizko ganberak, EAJ, PSE-EE eta PP+Cs-en kontrako botoekin.
Finantzen Euskal Institutua banku-erakunde bihurtzeko aukera aztertzea eskatzeko mozioa aurkeztu dute ostegun honetan Eusko Legebiltzarrean Elkarrekin-Podemos eta EH Bildu talde parlamentarioek. Banku publiko horrek enpresa estrategikoei aukera emango lieke "behar bezala kapitalizatzeko" eta bidea mugatuko lieke funts putreei, talde hauen arabera. Zentzu horretan, oso presente izan dute Gasteizko eztabaidan Euskaltelen pribatizazioarekin gertaturikoa.
Helburua, enpresok lurraldean errotuko direla bermatzea litzateke, kapital espekulatiboei ateak itxiz, horretarako banku honek partizipazioak erosiko lituzke enpresa horietan. Hala, azken urteetako politikarekin amaitzeko eskatu diote mozioan Eusko Jaurlaritzari, "alegia, aktibo estrategikoetan desinbertitzeko politikarekin". Bide berean, testuak jasotzen duenez, Kutxabankek aurrezki-kutxen "hasierako espirituari" jarraipena eman behar lioke.
Ekimena ez da aurrera atera, EAJk, PSE-EEk eta PP+Cs-ek kontra bozkatu dutelako. Eusko Jaurlaritza osatzen duten lehen biek, argudiatu dute finantza tresna nahikoa badagoela EAEn enpresa estrategikoak laguntzeko, Finantzen Euskal Institutua eta sortu berri den Finkatuz programa kudeatzeko sozietate publikoa kasu (pdf). Azkeneko hau, "Finkatze Kapitala Finkatuz SA", 160 milioi euroko kapitalarekin hornitu dute. Honen bidez, enpresen beharrak asetu eta "garapenerako lehiakortasun-ekosistema bat" sortzeko aukera ikusten dute Jaurlaritzako alderdiek.
Finkatuz kudeatzeko sozietateari dagokionez, EH Bilduko eledun Iker Casanovak salatu du aipatu inbertsio horiek oraindik ez direla egin. Eragile sozial eta politikoekin "gardentasunez eta elkarrizketan" funts hori aktibatzea ere eskatu dute Gasteizen oposizioko taldeek.