argia.eus
INPRIMATU
Funts putre batek bost pertsona etxegabetu dituela salatu eta borrokarako deia egin dute San Frantzisko auzoan
  • AZET Bilboko Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatuak astelehenean jakinarazi zuen Global Pantelaria funts putreak bost pertsona etxegabetu dituela San Frantzisko auzoan. Asteartean agerraldia egin dute auzoan, eta erantzuleak seinalatzeaz gain, borrokara eta antolakuntzara deia luzatu diete auzokideei.

Amaia Lekunberri Ansola 2022ko ekainaren 01
Argazkia: AZET

Funts putre batek Bilboko San Frantzisko auzoan bost pertsona etxegabetu zituela jakinarazi zuen astelehenean AZET Bilboko Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatuak. Ondorioz, etxebizitza Global Pantelariaren esku egotera pasa da, Cerberus higiezinen agentziaren eta Santander bankuaren jabetzako funts putrea.

AZETek deituta eta Karroñeroei gerra! lelopean, astearte arratsaldean agerraldia egin dute funts putreak bereganatutako etxebizitzaren aurrealdean. Hiria eta zehazki San Frantzisko auzoa jasaten ari den espekulazioa salatuz hasi dute irakurketa, non klase-arazoa arrazakeriarekin eta xenofobiarekin gurutzatu ohi den, patera pisuen fenomenoaren edota arrazakeria-instituzionalaren bidez bistaratzen den moduan. Gogorarazi dute duela aste batzuk funts putre berberak beste kaleratze bat burutu zuela ondoko blokean, eta aste honetan etxebizitza turistiko berri bat estreinatuko dutela gertuko beste eraikin batean. "Ahaztu gabe duela hilabete baino gutxiago kalean hil ziren etxerik gabeko bi pertsonak".

San Frantzisko auzo marjinala eta marjinatua izatetik kapital espekulatiboarentzat interesgune izatera pasa dela azpimarratu dute, erantzuleak seinalatuz: funts putreak eta bankuak batetik, eta turismoaren industria bestetik. Lehenek, kapital handiak bideratzen dituztelako auzora, "'klase-eroso' berri horientzako alokairuen prezioak handituz" irabaziak erraz metatzeko aukera ikusten baitute bertan. Eta bigarrenak, bultzatzen duelako geroz eta etxejabe gehiagok beren jabetza turismoaren industriara bideratzea, alokairuaren merkatuak baino irabazi handiagoak eskaintzen dituelako, komunitatearen eta auzo biziaren kaltetan.

Antolakuntzara deia

Alabaina, astearteko agerraldiaren bidez enegarren etxe kaleratzea salatu eta erantzuleak seinalatzeaz harago joan nahi izan dute etxebizitza sindikatuko kideek: antolatzeko eta borrokatzeko deia egin diote San Frantzisko auzoari.

"Karroñero guzti horiek poltsikoak inolako mugarik gabe betetzen jarraitzeko arazo bakarra, gu gara. Pobreak. Langile-klaseko auzokideak. Gure auzo eta etxeetatik alde egiteari uko egiten diogunak", adierazi dute. Hala bada, etxejabearen partetik abusuren bat jasaten ari diren pertsonei sindikatura hurbiltzeko deia egin diete. "Gure etxeetatik botatzen gaituzte, gure auzoetatik kanpo nahi gaituzte eta kalean hiltzen uzten gaituzte. Testuinguru horretan, borrokatzea ez da soilik betebehar moral bat. Antolatzea hil ala biziko beharrizan bat dugu".