argia.eus
INPRIMATU
Fundazio ultrakatoliko batek Gasteizko NClic eta Kimba eskolak bere gain hartu ditu
  • Arenales Fundazioa da jabe berria, bere eskoletan sexuaren eta maila sozialaren araberako segregazioa egiten duena. Gasteizko NClic eta Kimba zentroek orain arteko eredua mantenduko dutela adierazi dute.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2018ko urtarrilaren 24a
NClic eskola Salesarren eraikinean kokatuta dago.

Salesarren eraikinean kokatzen den NClic eskola eta Kimba haur eskolen jabe berria Arenales Fundazioa izango da, SER irratiak ezagutzera eman duenez. Madrilen egoitza duen fundazio hau itunpeko ikastetxe katolikoen sare bat da. Madrilen kudeatzen dituen sei zentroez gain, Galizian, Gaztela-Leonen, Alemanian eta AEBetan ditu beste zazpi ikastetxe.

Orain arte, Gasteizko zentro hauek Koldo Eguren enpresariak kudeatu ditu. Berak sortu zuen NClic fundazioa; Salesarren eraikinean kokatuta, eta 2014tik Eusko Jaurlaritzako itunpeko zentroa. Horrez gain, Kimba haur eskolak martxan jarri zituen, San Martin, Salburua eta Zabalganan. 

Negoziazioak udazkenean hasi dira, eta eskolako sortzaileek esan dutenez, "akordio honekin egonkortasuna duen eskola sare batek ematen duen segurtasun ekonomikoa bilatu dugu, proiektuaren jarraikortasuna bermatzeko". Egun, azken zehaztasunak lantzen ari dira, eta bitartean, NClic eskolako 180 familiak abisatu dituzte.

Akordio honekin, ordea, eztabaida piztu da. Izan ere, Gasteizko eskola hauen jabe berria, hau da, Arenales fundazioaren presidente Alfonso Aguilo Opus Dei-koa da, SER irratiak gogoratu duenez. Besteak beste, bere fundazioaren zenbait ikastetxetan sexuaren eta maila sozioekonomikoaren arabera sailkatzen dituzte ikasleak, eta honek dituen onurak goraipatu ditu Aguilok. Hala ere, akordioak dio Gasteizko eskoletan sexuaren araberako segregaziorik ez dela egongo. Hala, egungo hezkuntza metodologia, hiru hizkuntzako proiektua eta kristautasunean oinarritutako baloreak mantenduko direla zehaztu dute. 

Ituna bertan behera uzteko eskaera

STEILAS sindikatuak gogor kritikatu du Arenales Fundazioa bezalako erakunde bat, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, Gasteizera etortzea. Itunpeko ikastetxea izanik, Hezkuntza Sailaren diru-laguntza jasoko du, eta sindikatuak gogoratu duenez, fundazioaren hezkuntza proiektua "segregazio sozialean" oinarrituta dago. "Hezkuntza ez da negozioa izan behar, ezta doktrinamendu erlijiosorako tresna". Hori dela eta, ikastetxe hauekin ituna bertan behera uzteko eskatu dio Jaurlaritzari.

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.