Japoniako Gobernuak Fukushima Daiichi zentral nuklearretik milioi bat tona ur kutsatu askatzea erabaki duela jakitera eman dute. 2011n istripua gertatu zenetik kutsatutako ura biltegietan jasotzen aritu dira eta arazo larri bilakatu da.
Hainbat komunikabidek azaldu duenez, kutsatutako ura askatzeko lana, 1.000 tanke baino gehiagotan biltzen ari direna, 2022an hasiko litzateke eta hamarkadak beharko lituzke burutzeko. Kyodo albiste agentziaren arabera, erabaki ofiziala hilaren amaieran jakinarazi dezake gobernuak. Ur kutsatua itsasora botatzeko aukeraz gain, beste aukera batzuk zituzten esku artean: lurruntzea edo beste leku batzuetan biltegi gehiago eraikitzea, adibidez.
Irailera arte, 1,23 milioi tona ur zeuden biltegiratuta, erreaktorean kaltetutako hiru nukleoak ez urtzeko erabilitako urarekin nahastu ondoren kutsatutakoa.
Arrantzaleak eta ekologistak kexu
Herriko arrantzaleek salatu dute erabakia kolpe gogorra izan dela, 2011ko martxoan istripu nuklearra gertatu zenetik, oso kaltetuta zegoen haien lanbidearentzat. Erantzun gisa, Gobernuak esan du Fukushimako produktuak sustatuko dituela eta arrantzaleen kezkei erantzungo diela. Talde ekologistak ere neurriaren aurka agertu dira.
Hego Koreak Fukushima eskualdeko itsaskien inportazioa debekatu zuen istripua gertatu zenean. Haien kezka sarritan azaldu du, ur kutsatua isurtzea itsas ingurumenarentzat "mehatxu larria" dela argudiatuta.