argia.eus
INPRIMATU
Fukushimako ur kutsatua itsasora botatzea onartu du Japoniako Gobernuak
  • Apirilaren 13an Japoniako Gobernuak erabaki du Itsaso Barera isuriko duela 2011n Fukushiman istripua izan zuen zentral nuklearrean pilatutako ur erradiaktiboa. Bi urte iraungo du operazio honek. Egun kutsatuak diren eta itsasora isuriko diren 1,25 milioi tona ur hauek nuklearraren erreaktoreak hozteko erabilitakoa da, baita lurpeko putzuetakoa eta euria ere.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 13a

Yoshihide Suga Japoniako lehen ministroak adierazi du "saihetsezina" eta "errealistena" dela neurri hau zentral nuklearra deseraiki ahal izateko. Iragan urte hasieratik ur kutsatua itsasora botatzearen alde egin du Gobernuak baina erabakia hartzea zaildu dute Fukushimako Gobernuak eta bertako arrantzaleen elkarteek egindako aldarriek, haien ekonomia are gehiago kaltetuko dutela espero baitute.

"Ohiko praktika nuklearren industrian"

Japoniako agintariek diote ur erradiaktiboa isurtzeak ez duela arriskurik ekarriko pertsonen osasunean, isuriko den tritio maila osasun mugen barruan dagoelako eta adierazi dute praktika hori ohikoa dela beste herrialdeetako industria nuklearretan.

1,25 milioi tona ur erradiaktibo baino gehiago

Zentral nuklearrak istripua eduki zuenean erreaktoreak hozteko erabili zen ur kutsatua da itsasora isuriko dutena. Baita ere kutsatuta bukatu duten inguruko lurpeko putzuetakoa eta filtratu den euri ura ere. Horiek denak 1,25 milioi tona baino gehiago ur kutsatu dira eta Daiichiko azpiegituretan araztu egiten dituzte, baina tritioa ezin izaten dute bereizi. Orain artean edukiontzi erraldoietan gordea dute ur hau, baina aurreikusten dute hurrengo urteko udazkenerako beteko direla edukiontzi hauek.

Albistea irakurgai beste hedabide hauetan:

Naiz

The Guardian