argia.eus
INPRIMATU
Japoniako herri erradiaktibo bat argazkitan
  • Orain bi urte Japoniako kostaldean talka egin zuen tsunamiaren ondorioz eztanda egin zuen Fukushima zentral nuklearretik gertu dago Namie herria. Beste hainbat herri bezala, hura ere husteko agindua eman zuen Japoniako Gobernuak. Bertakoa den Toshiya Watanabe argazkikariak, ordea, berriz ere hara joateko baimena eskuratu zuen lau hilabete geroago, abandonaturiko herri hura nola zegoen ikusi eta argazki batzuk ateratzeko asmoz.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko martxoaren 11
Namie herriko irudietako bat (argazkia: toshiyawatanabe.com)

Namie, inguru horretako beste guztiak bezalaxe, mamu-herria besterik ez da: txakur erradiaktibo eta txori bakan batzuez gain, ez da ezer gehiago ikusten kaleetan. Watanabek bere herria izandakoa berriz ikusiko ez zuela uste zuen, baina gobernuak behin baino gehiagotan eman dio hara itzultzeko baimena, hiru eta bost ordu artean egoteko aginduarekin beti ere, erradiazioak kutsa ez dezan.

Argazkiok Toshiyawatanabe.com webgunean jarri ditu munduari erakusteko. Vice.com-ek egindako elkarrizketa batean Fukushimaren eztandaren inguruan Japoniako gobernuak izandako erreakzioaz galdetzean, Watanabek dio “ez gobernuak ez TEPCOk ere (Tokyo Electric Power Company) ez duela hasieratik egia esan”. Istripuaren kalteak gutxitzeko bere eskuetan zegoen guztia egingo zuela esan zuen gobernuak, baina Japoniako biztanleek jada ez dakite zer sinetsi eta zer ez.

Argazkien helburua, ordea, ez da gizarte-injustizia bat salatzea. “Mundu osoak zentral nuklearraren eztandaren ondorioz inguruko herriak, eta batez ere nirea, nola gelditu ziren jakin dezan da nire helburua”, dio argazkilariak.