Martxoaren 11n delarik Fukushimako istripu nuklearraren laugarren urteurrena, igandetik hasita aste osoan zehar ari dira burutzen mobilizazioak munduan zehar.
Joan den igandean burutu zen Japoniako manifestazio nagusia Tokion eta NHK agentziak zabaldu duenez 23.000 pertsona inguru bildu ziren bertan. Antolatzaileek aitortu diote agentziari urte bakoitzean aurrekoan baino 10.000 jende gutxiago biltzen dutela eta Japoniako mugimendu antinuklearra berriro iritsi dela ahuldade puntu larri batera.
Munduko bazterretan antolatuta dauden mobilizazioen berri, batik bat AEBetakoan zentratuta, Fukushima fourth anniversary events blogak eskaintzen du. AEBetako hiriburuetan Japoniak dauzkan kontsul-etxe guztietan egingo dituzte bilkura eta protesta baketsuak. Facebookez ere ikus daitezke agendak.
Espainiako Estatuan antolatutakoen berri Ecologistas en Acciónen guneak eskaintzen du osoen. Frantziako Estatuan giza kateak antolatu dira martxoaren 14rako, larunbata. Sortir du Nucleaire erakundeak ere ematen du justu bihar, martxoak 11, egingo diren manifestazioen agenda.