Fukushimako hondamendiaren lehen urteurrena

  • Mundua giza-kate, kanpaldi, bilkura eta meeting antinuklearrez beteko da martxoaren 11n, Japoniako Fukushiman egun horretan hasitako triskantza nuklearra oraindik pozoi-dariola dagoela oroitarazteko. Nahi balu ere ezingo genuke ahaztu, 25 urte lehenago Txernobylen gertatua ezin dugun moduan: bizi-bizirik darraite tamalez.


2012ko martxoaren 04an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12
The Science of Conundrums blogetik hartutako argazkian, polizia japoniarraren kontrola Minamisoma hiri inguruetan, gune debekaturako sarbidea galarazten. Poliziak bideak eta ahoak itxita, Fukushimako istripuaren ondoren agintariek, industriak eta hed

Georges Baumgartner bidali du Suitzako TSR Tele Suisse Romande kate publikoak Fukushima inguruetara, han gauzak urte beteren buruan nola diren ikuskatzera. Fukushima departamenduko gobernadore izandako Eisaku Satorekin bisitatu ditu zentral nuklearraren inguruak, itzulitakoan C’est la zone! erreportajea egiteko. 11 minutuko erreportajeak frantsesez eskaintzen duena hemen euskaraz kasik hitzez hitz emanen dugu, bideoa –Argiaren webgunetik erraz eskuratzen da– ikusi nahi duenaren lagungarri.

Eisaku Satok babesgarriak jantzi ditu Fukushima inguruetan sartzeko, autoaren ondoan. Prefektura hartan gobernadore izana da 18 urtez. Garai hartan salatu zuen TEPCO konpainiak informazio faltsuak ematen zituela zentral nuklearreko istripuez. Orain kazetariarekin ikusi nahi ditu zona debekatuko eremuak, Europarako bidea hasi aurretik.

Zentralaren inguruko hesietara iritsi da ekipoa. Lau erreaktoreetatik bi urtu egin ziren eta menturaz barruan zeukaten erregaiak zulaturik dauzkate ontziak. Badirudi okerrena saihestu dutela orain arte. Gobernuak deklaratu du erreaktoreak hotzean geratuta daudela, 100 ºC azpitik. [Otsailean 2. erreaktorean tenperatura askoz gehiago igo da, aditu batzuek diote fisio katea ez dela gelditu].

Yukiteru Naka doa kazetariekin, zentralaren eraikuntzan arduradun izandako ingeniaria. Babes-jantzirik gabe, harrigarria. Hamar minutu daramatzate hesi ondoan eta erradiazio mailaren mugara iritsi dira, alde egin beharra dago. Tartean TEPCOko guarden kontrola pasa beharko dute, legez etorriak izan arren.

TEPCOk informazioa ezkutatzen duela diote askok, inork ez daki zentralean zer gertatzen den. Enpresaren eta gobernuaren arteko konplizitatea, Eisaku Satok aspaldi salatu zuena, ez da aldatu Fukushimako istripuaz geroztik.

Zentralaren ataritik pasa dira, ezin da sartu. Erreaktoreak kontrolatu nahian ari diren langileak lehen Japoniako futbol taldeak entrenamenduetarako zerabilen eraikinean dauzka TEPCOk, zelaiak parking. Egunero 3.000 langile ari dira barruan, baina erreaktoreetaraino hurbildu gabe, erradiazioa handiegia da oraino.

18.000 langile txandakatu dira istripua kontrolatzeko ahaleginean. TEPCOk diluitu egin nahi luke horiek hartu erradioaktibitatea. Tokyioko Toranomon ospitaleko Suichi Taniguchi doktoreak salatu du langileen osasuna ez dela zehaztasunez kontrolatzen. Langileen zerrendarik ez da. Erradioaktibitatea neurtzen hasi zitzaizkien maiatz-ekainean, hamabostean behin aztertu beharko lituzkete, baina ez dute egiten. Yukiteru Nakak kazetariak daramatza lurrikara eta tsunamia baino urte bete lehenago Fukushima inguruan eraiki zuen txaletera, Fukushima Daiiniko zentralaren ondoan. Tsunamiak ez zuen hainbeste kaltetu. Nakak karrera osoa General Electricen egin du eta Fukushimakoaren eraikuntza gidatu. Etxean ordularia lurrikararen orduan dago geratuta: 14:46.

Nakaren bilobak asko dibertitzen ziren txaletean. Ezingo dira itzuli. Baina ez dauka kexatzerik, dena galdu duten milaka jendeen aldean. Uste du istripu nuklearra saihestu ahal izan zela, langileak emergentzia hartarako prestatuak izan balira.

Herri kutsatura itzuli ala ez?

Kotsuya Endo Tomioka herriko alkatea da. Koriyama hirian aurkitu dute, lekualdatu dituzten erkideekin. Herrira itzultzea da beretzako lehentasuna, TEPCOren kalte ordainak eskuratuta. Kazetariak Tomiokara doaz gero. Zonalde debekatuan dago. Langileak ari dira lurzoruari eta lurpeko urei kutsadura kentzen. Zertarako saiatu, ordea, oraindik erreaktoreak atmosferara partikula erradioaktiboak isurtzen ari badira? Kamerari urrutiratzeko, erradiazioak handiegiak dira.

Naka ingeniariarentzako, zona kutsatua garbitzea garestiegia izanen da. Itsasoari kutsadura kentzea, ezinezkoa. Hobe zona hau bihurtzea hondakin nuklearrak metatzeko gune, parke nazional edo memorial edo erradiazioek ingurumenean dituzten kalteen ikergune. Tomiokako kaleak famatuak dira gereziondoengatik. Alkateak gonbidatu ditu herritarrak loraldian itzultzera, itxaropenari eusteko. Ryo Sugimoto udal langilea daramate gidari. Haur txiki bat dauka. Nekez itzuliko dira kutsadura apalduta ere. Aldiz, zaharrek itzuli nahi dute, jaiotako lekuan hiltzeko. Trenik ez Tomiokako geltokian. Arimarik ez TEPCOk indar nuklearra promozionatzeko eraiki parke tematikoan; Edisonen eta Curie senar-emazteen etxeen erreplikak dauzka.

Eisaku Satok ikasgaia azpimarratu die kazetariei. Nuklerrak dira herrialde baten heldutasun demokratikoaren neurgarri. Polizia-estatu bihurturik, zentraletan pasatzen dena ez dizute sekula ikusten utziko.

Kawauchi herria bitan zatitua da, erdia gune debekatuan, beste erdia libre. Yuko Endo alkateak itzultzeko konbentzitu nahi ditu herritarrak, aterpeturik dauzkaten Koriyaman baino erradiazio gutxiago dagoela, ez dutela utzi behar herria hiltzen Txernobyl inguruko askorekin jazo bezala.

300 bat baizik ez dira itzuli. Shigeru Iidek jatetxea ireki du berriro Kawauchin. Itzuli egin behar dela dio, gobernuak ez dituela TEPCOren biktimak betiko lagunduko, bakarrik moldatu beharko dutela.

Koriyama, zentral nuklearretik 60 kilometrora, 300.000 biztanle. Hemen babestu dira zonalde debekatutik kanporatutako herritar asko. Baina gaur Koriyaman erradioaktibitatea handiagoa da gune debekatuan baino. Hemen bizi da Eisaku Sato, Fukushimako prefekto ohia. Nuklearrak gainbegiratzeko erakundea METI Industria Ministerioaren menpe dago. METIk abian jarri nahi ditu geldituta dauden zentralak, eta industriarekiko konplizitatea sekula baino handiagoa da. Sinestekoa da Satoren hitza. METIko funtzionario izana. Gobernadore zela ikusi du informazioak nola ezkutatzen dituzten. Ez du sinesten Japoniako Segurtasun Nuklearreko erakundeak nuklearrak ondo gainbegiratu ditzakeenik.

Agintari politikoen eta enpresen arteko lagunkeriaren eragina borobiltzeko, Japoniako komunikabide nagusiek ez dute auzitan jartzen energia nuklearra. Erreportajearen azken irudiak: 2011-2012ko neguan Sato kamera hartuta dabil zonalde debekatuan, hor den mendetako kultura desagertu ez dadin ahaleginean.

Georges Baumgartnerrena bezalako bideoak eta informazioak eskueran daude sarean, nahiz eta hedabide nagusietara ez diren iristen. Begiratu egin behar. Internet hor egonik, Fukushimaz ez dakienik bada, nahi duelako da.

Informazio gehiago:

- TSR kate suitzarraren C'est la zone! dokumentala.

- Fukushimaren lehen urteurrenean zentral nuklearren itxiera eskatzeko mobilizazioak mundu zabalean.

- Bizi! mugimenduak "Urte bat Fukushima eta gero: Energia zalantzan, martxoaren 8tik 11ra" izenburuz antolatutako lau jardunaldiak eta sarean ipinitako simulazioak.

- BBC kate ingelesaren "Inside the Meltdown" dokumental berria sarean.

- Ofizialki Fukushimako erreaktoreak hotzean egonkortuta daudela dioten arren, aditu batzuek salatzen dute behin eta berriro berotzen direla hango erregaiak, Fukushima.over-blog-en bezala.

- "Stringent? Radiation Safety Standards for Food: Chernobyl vs Fukushima" bideo japoniar laburrean (ingelesezko azpitituluz) alderatzen dituzte Txernobylen mugatzat jotzen ziren erradiazio kopuruak eta Japonian gaur gobernuak onargarritzat joak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Japonia
2024-10-29 | Mikel Aramendi
Desengainu mingotsa zegoen Japoniako hautetsontzietan Ishiba jaunarentzat

Badakigu lerroburuak arreta erakarri egin behar duela; eta esajerazioa dela hartarako baliabide bat. Baina... ez ote da gehiegitxo The New York Times txit ohoragarriak Japoniako hauteskunde parlamentarioen biharamunean dakarrena: “A Seismic Election Sends Asia’s Most... [+]


Bakerik ez hibakushentzat

Japonia, 1945eko abuztuaren 6a eta 9a. AEBek bonba atomiko bana bota zuten Hiroshima eta Nagasaki hirietan milaka eta milaka hildako eraginez; kopuru zehatzik ez dagoen arren, urte horren bukaeran hildakoak gutxienez 210.000 inguru izan zirela diote kalkulu zuhurrenek. Baina... [+]


2024-09-24 | Mikel Aramendi
Mintegi akademiko batek astindu ote dezake potentzien geoestrategia?

Tximeleta efektua deituaren bertsio eguneratua ematen du: unibertsitate-mintegi arrunt eta ziztrin samarra baino asko gehiago ez lirudikeenak belarri guztiak tentetu arazi ditu Asia Ekialdean, bereziki Japonian. Baita gugandik gertuago ere.


XIX. mendeko Japonia bideojokoan

Duela aste batzuk Sony etxeak Rise of the Rōnin bideojokoa kaleratu du, eta adituek jokoaren kokapen historikoa nabarmendu dute orduz geroztik. Jokoa XIX. mende erdialdeko Japonian kokatuta dago,  Yokohama, Edo eta Kyoto inguruetan.

Edo aroaren azken urteak izan ziren... [+]


Energia nuklearraren ekoizpena maximo historikoan: seguru al gaude?

Nazioarteko Energia Agentziaren esanetan 2025ean inoiz baino energia nuklear gehiago produzituko da munduan. Nuklearren bultzada berri baten aurrean gaude, baina erreaktore eta zentraletan izaten diren “gertakariak” ikustea besterik ez dago hartzen ari garen... [+]


2024-01-02 | Leire Artola Arin
Japoniako 7,6 graduko lurrikarak eragindako hildakoak erregistratutako 48ak baino gehiago izan daitezke

Astelehenean Japoniako mendebaldeko kosta kolpatu duen lurrikararen ondorioz dozenaka pertsona zaurituta eta etxebizitza ugari suntsituta daude. Gutxienez 48 hildako eragin ditu, baina hondakinen azpian harrapatutakoak “lehenbailehen” erreskatatzeko beharra... [+]


Fukushima: istripua iraganean, kalteak bizi-bizirik eta soluzioak oraindik aurkitzeke

Halabeharrez hasi dira agorrilaren 24an Fukushimako zentraleko urak itsasora jaurtikitzen; ur kontaminatuak metatzeko zisternen %97 beteak dituztelako eta etenik gabe gehitzen zaielako ura –egunero 140 tona–. Ur "deskutsatuak" izanik ere, herritarrek... [+]


2023-08-23 | Ilargi Manzanares
Hasi dira Fukushimako ur kutsatuak itsasora isurtzen

Japoniako Gobernuaren erabakiak protestak eragin ditu herrialdean, eta besteak beste, Txinak kritikatu egin du erabakia. 2011 urteko istripu nuklearraren ondorioak oraindik pairatzen dira.


Fukushimako ur erradioaktiboa itsasora jaurtitzen hasiko da Japonia, arrantzaleen eta ekologisten protesta artean

Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren txosten batek oniritzia eman dio Japoniari, 2011ko hondamenditik Fukushimako zentral nuklearra hozteko erabilitako ur kutsatua itsasoan zabal dezan. Duela bi urte iragarri zuen 1,25 milioi tona ur baino gehiago itsasora botatzeko plana... [+]


Japonian 16.500 haur inguru esterilizatu zituztela argitaratu du txosten batek

Haserrea eragin du Japonian, gobernuak argitaratu duen txosten batek. Bertan, 1948 eta 1996 urte bitarte bederatzi urteko umeak haien baimenik gabe operatu eta esterilizatu izana onartu du, besteak beste.


2022-12-14 | Santi Leoné
'Akira' mangak 40 urte bete ditu
Leherketaren uhinak gaur arte ailegatu dira

Akira. Bi mila orrialdetik gora da Katsuhiro Otomo mangakak 1982tik 1990era bitarte argitaraturiko istorioa, sei tomo handitan –japonieraz tankobon deitzen zaie aldizka publikaturiko istorioak biltzen dituzten liburukiei–. Irakurtzeko astirik edota gogorik ez duten... [+]


Atzera pauso bat Japonian: genero bereko ezkontzak ez dira legezkoak

Tokioko epai batek asteazkenean berretsi du ezkontza horiek debekatzea ez dela legez kanpokoa, ezkontzaren definizioan ez baitira sartzen. G7ko herrialde bakarra da genero berekoen arteko ezkontzak onartzen ez dituena.


Manga narratiba euskaraz argitaratuko du Harriet argitaletxeak

Euskarazko mangari eskainitako lehen bilduma sortu du Harriet argitaletxeak: Kabe. Tomomi Usui komikigile japoniarraren Cube Arts seriearen lehen alearekin estreinatuko dute bildumaren ibilbidea.


Eguneraketa berriak daude