Gizateriaren aurkako krimenengatik espetxean zigorra du Alberto Fujimori Peruko presidente ohiak. “Arrazoi humanitarioak” argudiatuta, indultua eman berri dio Pablo Kuczynski egungo estatuburuak. Presidente ohiari barkatzeko erabakia Kucznyski kargugabetzeko saiakera baten ostean iritsi da, Fujimoriren alderdiko hamar diputatuk presidentea babestu ostean.
Presidenteak aurkeztutako agirian zehazten denez, “terminala ez den eritasun larri, degenerativo, progresivo eta sendaezina du Fujimorik”. Hori dela eta, erietxe pribatu batean dago zaintza bereziko unitatean. Espetxeko baldintzek osasun egoera larritu dezaketenez, “arrazoi humanitarioengatik” bere gain zituen zigor guztiak deuseztatzea erabaki du. Besteak beste, 25 urteko espetxealdia betetzen ari zen, gizateriaren aurkako krimenak direla eta.
Kucznyski presidentea ustelkeria kasu batean egon daitekeela eta, kargugabetzeko bozketa egin zuten Peruko Kongresuan pasa den astean. Herri Indarra alderdiak, Fujimoriren alderdiak, gehiengo osoa dauka eta diputatu guztien babesarekin presidenteari aginte makila kentzeko parada zuten. Hala, hamar ordezkarik abstentzioa eman zuten, Kuczynskiri babesa eskainiz. Ondoren iritsi zen oposizioko taldeen haserrea eragin zuen gertakaria: Kenji Fujimori presidente ohiaren semeak esan zuen Kuczynskik babesaren trukean bere aitaren indultua eman ziola. Oposizioak protestak antolatu ditu, eta biktimek, berriz, nazioarteko auzitegietara joko dute, indultua baliogabe utz dezaten.
1990ean irabazi zituen hauteskundeak Alberto Fujimorik. Hamar urte egon zen boterean eta autoritarismo gogorra ezarri zuen lehen unetik. Esaterako, ezkerreko talde armatuen aurka gerra piztu zuen, errepresio gogorra ezarri zuen eta politika neoliberalak jarri zituen martxan. 2009an 25 urteko kartzela zigorra ezarri zion epai batek, armadaren ezkutuko talde batek Barrios Altosen eta Cantutan egindako 25 hilketen erantzule egin ostean.
.