Jarraitzaileek txalotu egin dute Fu Yuanhuiren jarrera, Txinan ezohikoa delako. Viviam Kam kazetariaren arabera, igerilariaren adierazpenek “eztabaida publikoari atea zabaldu” diezaiokete.
“Ez dut nahi bezain ondo igeri egin, eta barkamena eskatu nahi diet taldekideei”, azaldu zuen Fu Yuanhui igerilari txinatarrak 4x100 metroko erreleboetako proba amaitu berritan. Ez zuen zalantzarik izan bere errendimenduaren beherakadaren zergatia azaltzerakoan: “Atzo hilekoa jaitsi zitzaidan, eta sekula baino nekatuago sentitu naiz”.
Yuanhuk gaiaz naturaltasunez hitz egin izanak hautsak harrotu ditu Txinan. BBC-ren arabera, Weiboo sare sozialean goraipatu egin dute igerilariaren jarrera: “Gauza normala da, zergatik ezin da aipatu? Fu Yuanhui bikaina da”, zehaztu du sareko erabiltzaile batek.
Herrialdean tabua da hilekoa, Viviam Kam CNN-ko kazetariak azaldu duenez: “Orokorrean, ez da hilekoaz eta osasun produktuez hitz egiten”. Horregatik, Yuanhuren adierazpenek “eztabaida publikoari atea zabaldu” diezaiokela uste du. Eta agian adibide izan daiteke Txinatik kanpo ere.
Faktore kulturalen garrantzia
Kate bereko Dong Serena kazetariak azaldu duenez, Txinako farmazietan tanpoiak bilatzea ez da erraza. Bere kasua jarri du adibidetzat; AEBetara joan aurretik sekula ez zuen ikusi tanpoi bat, ezta bere lagunek ere: “Estatu Batuetatik itzuli nintzenean, lagunei gaiaz galdetu eta ea min ematen duen galdetu zidaten”. Cotton Inc. enpresaren arabera, Txinan %2k soilik erabiltzen ditu tanpoiak, AEBtan %42k darabiltzan bitartean.
Faktore kulturalak aipatu ditu Lien Duang 70 urteko erretiratuak: “Orain agian ez, baina duela 30 urte Txinako emakume gehienek ez zuten begi onez ikusten tanpoiak erabiltzea, birjintasuna galtzen zutela pentsatuta”. Zehaztu du garai batean Txinako erregeekin ezkontzeko birjintasuna mantendu beharrak eragina izan duela uste horretan.