argia.eus
INPRIMATU
Fruta-arbolen baratze kolektiboa sortu dute herritarrek Arrosan
  • Bizi! mugimenduak ingurumenaren alde proposatutako egitasmoen artean, Arrosako zenbait hautetsik, tartean Argitxu Beyriek, herriko lurretan fruta-arbolen baratze kolektiboa abiatzeko ideia izan zuten 2015ean. “Gabriel Durruti irakaslearekin harremanetan jarri eta Arrosara ekarrarazi genuen orduan, hemengo jendeak etxaldeetan eta nekazaritzan baliatzen zituen teknikak biltzen laguntzeko”, azaldu du proiektuaren jatorria Mirentxu Biscaichypi kideak. Sei urteotako ibilbidean 60 bat fruta-arbola landatu dituzte herriko lau lursailetan.

Garazi Zabaleta 2021eko maiatzaren 13a

Herrian lehendik zeuden arbola espezieak eta horien inguruko jakitatea jasotzea izan zuten hastapeneko lana. “Teknikak eta txertogaiak biltzeko eta fruta-arbolen inguruan zegoen jakitatea transmititzeko ekarrarazi genuen Durruti”, dio. Lanketa horretan, Arrosan barna etxez etxeko bira egin zuten etxaldeetan zein arbola zeuden ikusteko, mende eta hamarkadetan zehar bertan egon direnak. “Hor ikusi genuen intxaurrondo anitz bazirela, gaztainondo basatiak ere bai oihanean modu naturalean ateratakoak…”. Jardun horretan lagundu zien Durruti irakaslea Sagartzea elkarteko kide da eta badu esperientzia: etxaldeetan bertako sagar barietateak biltzen egiten dute lan eta sagarrondoen kontserbatorioa sortzen ari dira orain.

Hain zuzen, beste zuhaitz askoren artean, galtzeko arriskuan ziren 60 urte inguruko sagarrondo zaharrak topatu zituzten Arrosan. Proiektuko kideek txertogaiak bertatik hartuz eta berriz txertatuz beste bizitza bat eman diote zuhaitzei. “Txertatzeko teknikak ikastea eta arbolen landatzea zen asmoa, baina baita harreman sozialen sustatzea eta ondare horren inguruko lanketa egitea ere”, gehitu du Biscaichypik.

Hezetasuna mantentzeko, artilearekin probak

Maiatzaren 8an, landatutako arbolak babesteko ekimen berezia antolatu zuten baratze kolektiboan: arbolen oinak artilez inguratzeko auzolana. “Hasiera batean, hezetasuna atxikitzeko koko intxaurrez egindako disko bolak erosi genituen, zuhaitzen azalean jartzen direnak”. Proiektuko kideak, baina, pentsatzen jarri ziren hurbileko materialen batekin gauza bera lortu ote zezaketen. “Laborarien etxera joan ginen artile bila eta arbolen inguruan meta handi moduko batzuk jarri genituen horiek babesteko eta hezetasuna mantentzeko”. Lastoarekin egin izan dira antzeko probak lehenagotik, baina artilearena entsegu bat dela dio Biscaichypik. Momentuz, badirudi esperimentua emaitza onak ematen ari zaiela.

Zuhaitzak herriko lau lursailetan daude banatuak, edonoren eskura. “Jendeak hartzen ahal du sagar bat nahi badu! Gune kolektiboa da, eta aurrera begira nahi genuke eskolako haurrek-eta fruitu ttipiei buruz lan bat aurrera eramatea hemen, haiek ere honen parte izateko”. Horixe da arrosarrak azpimarratu duena, denei irekita dagoela eta ikasi bitartean sozializatzeko eta herritarren arteko harremanak bultzatzeko aukera ematen duela.