argia.eus
INPRIMATU
Erroak landaretegia
Fruta-arbola, fruitu ttipi eta landare mintegi ekologikoa
  • Mahaño Lanathoua 2017an hasi zen aitaren lurretan arbolak landatzen, oihan baratzea lantzeko ideiarekin. “Hasieran asmoa ez zen horretatik ekonomia bat sortzea, gure buruaskitasunerako bidean pausoak ematea baizik”, gogoratu du laborariak. Baina, landaketekin hasi zenean ohartu zen arbolak urrunetik ekarri beharra zituela, Frantziako Estatuko iparraldetik edo beste zenbait tokitatik. Orduan bururatu zitzaion, interesgarria litzatekeela hutsune hori bete eta bere mintegi ekologikoa abian jartzea. Erroak landaretegia da horren emaitza, duela urte eta erditik martxan den proiektua.

Garazi Zabaleta 2024ko uztailaren 22a

Arbola fruitudunak, fruitu ttipiak, landare lagungarriak eta sendabelarrak ekoizten ditu Lanathouak Erroak landaretegian: “Urte guztirako fruitu ttipiak ditugu, goiztiarrak, sasoi erdikoak, bukaerakoak… baditugu klasikoak, baina baita berezigoak ere, kakiak eta horrelakoak”. Helburua urte osorako fruitu eta landareak eskaintzea da, eta aukera dutenei, landare edo arbola solteak baino, sistema osoak landatzea proposatzen die: “Arbolak, landare ttipiak, sendabelarrak… horiek elkarren ondoan jarrita sistemak landatzea da ideia, eta ez arbola isolatuak jartzea. Erresistenteagoa izanen da beti sistema hori”.

Etxean dituen arboletatik ateratzen ditu txertoak ekoizleak, eta, momentuz, txerto eramaileak edo oinak erosi egiten ditu. Horiek txertatu eta urtebetez edo urte eta erdiz zaintzen ditu zuhaixkak ekoizleak, saldu aurretik. “Momentuz, horrela ari naiz, baina honezkero hasi naiz nire txerto eramaileak hazitik eta hezurretik ekoizten ere: sagarrondoak, mertxikak, haranak… nahi nuke pixkanaka hori ere neroni egiten hasi, ekoizpena hastapenetik kontrolatzeko”, dio. Bertako barietateak ere erabiltzen ditu Lanathouak, tokiko sagarrondo asko ditu, esaterako; baina bertakoak ez diren kasuan, bertara ongi egokitutako motak ditu. “Lehenagotik landatuak nituen lursailean, eta badakit zein diren erresistenteak, tratamendurik gabe ongi funtzionatzen dutenak… horiek ugaltzen ditut”.

Salmenta zuzena

Salmenta udazkenean, neguan eta udaberri hastapenean egiten du ekoizleak, “izerdia erroetan dagoenean”. Donibane Garaziko merkatuan egoten da astelehenero, eta horrez gain, etxaldean bertan ere saltzen ditu arbolak eta landareak, hitzorduen bidez. Urte eta erdiko ibilbide honetan erantzun ona jaso du proiektuak, eta Lanathouak uste du konfinamendutik hona egon dela hausnarketa kolektibo bat, eta badela jendea, pixkanaka, geroz eta autonomoago izateko bidea egiten ari dena.

Landaretegira hurbiltzeko gomita luzatu du laborariak, proiektua ezagutzeko eta bere lan egiteko modua ikusteko. “Landareen zaintza erraza zait, baina zailena, orain, lurrari bueltan ematea da. Materia organikoa, fermentazioa eta mikroorganismoak lortzea. Azkenean, arbolek ainitz xurgatzen diote lurrari, eta lurra ez pobretzeko konpentsatu beharra dut. Hori da, niretzat, momentu honetan zailena eta interesgarriena”, amaitu du.