Gatzagak datozkigu burura Añanaz hitz egitean. Bai, ezaguna da bertako Gatz Harana, baina inguru horietan gatzetik harago ere bada gauza gehiago. Zanbranan, esaterako, Añanako Kuadrilan, 2019tik fruitu lehorrak ekoizteko entsegu-lursaila martxan dute, hainbat intxaur, arbendol eta hur motekin probak egiteko. Añanako Landa Garapenerako elkarteak Zanbranako udalarekin, UAGA nekazarien elkartearekin eta NEIKER ikerketa zentroarekin elkarlanean abiatu zuen proiektua. Orain arte jasotako emaitzekin pozik daude, eta fruitu lehorren ekoizpenak zonaldean etorkizun oparoa izan dezakeela aurreikusten dute. Aukera interesgarria, EAEn urtetik urtera fruituon kontsumoa %5 igotzen dela kontuan izanda.
“Otsailaren bukaeran eta martxoan nekazarientzako formazio saioak antolatu genituen, inguru honetan zerealaren, patataren, erremolatxaren eta beste zenbait laboreren maneiuaz jakintza handia dagoelako, baina ez hainbeste oskoldun fruitu lehorrenaz”, azaldu du Esther Durana Duque Añanako Landa Garapen elkarteko teknikariak. 30 nekazari inguru batu ziren informazio saio teoriko-praktiko horietara, eta interesa badagoela sumatu dute antolatzaileek. “Arabako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak laguntzak atera dituzte landaketa horietarako, beraz, aukera on bat ari da irekitzen alor horretan”, gehitu du.
Laboreen dibertsifikazioa sakontzea eta nekazariei aukera berri bat irekitzea dira egitasmoaren bultzatzaileen helburuak. Izan ere, EAEn fruitu lehorren 200 hektarea inguru egon arren, ia guztia kontsumo propiorako da, eta inork gutxik komertzializatzen du. “Erkidegoan kontsumitzen den fruitu lehorren %20 soilik da bertan ekoitzia, eta berez, datu hori hobetzeko aukera handia dugu”, dio teknikariak.
Hotzari eta izozteei aurre egiteko gai diren barietateak ari dira probatzen Añanako lursailean, baina beste eskualde batzuetarako egokiak direnak ere aztertu dituzte. Proiektu pilotuak hartzen duen hektarean, hiru barietatetako 144 intxaurrondo, zortzi barietatetako 144 hurritz eta lau barietatetako 72 arbendolondo jarri dituzte. Momentu honetan, lursaila ekologikorako trantsizioan dago, datorren urtean amaituko du prozesua. Zuhaitzak ekoizpen betean, berriz, hemendik bizpahiru urtera egotea espero dute. “Ordurako, bertako fruitu lehorrak modu bateratuan komertzializatzeko bideak lantzen hasi beharko gara”, azaldu du teknikariak.
Zanbranako proiektuaz gain, lehenagotik ere fruitu lehorren hiru hektarea lantzen dituzte Armiñonen Torre anaiek, eta honezkero beste hainbat ekoizle ere hasi dira. “Zanbranan bertan eta Berantevillan bi ekoizlek hiru hektarea landatu dituzte, adibidez, eta badirudi pixkanaka badoala indarra hartzen”, dio Duranak. Pauso txikiz, baina EAEn kontsumitzen den fruitu lehor kopurua bertan ekoiztea da proiektuaren azken helburua.