argia.eus
INPRIMATU
Frontexek Europako mugetan giza eskubideak urratzen dituela ondorioztatu du EBren txosten batek ere
  • Iruzurraren Aurka Borrokatzeko Europako Bulegoaren dokumentu sailkatu batek dio mugen kontrolerako agentziak Mediterraneo itsasoko legez kanpoko itzultzeetan parte hartu eta estali egin dituela. Dokumentuak nabarmentzen ditu agentziaren gardentasun falta eta bere zenbait langileren aurkako jazarpen kasuak.

IƱaki Agirre @ikiagirre 2022ko urriaren 24a

Gauza jakina zen, eta Europako Batasunak berak ere baieztatu egin du azkenean. Frontex Muga eta Kostaldeetako Guardiaren Europako Agentziak pertsona migratzaileen itzultze ilegaletan parte hartu du eta estali egin ditu Greziako eta Maltako uretan, Schengen eremuan.

Migratzaileen eskubideen aldeko ekintzaileek eta hainbat hedabidek bi urte luzez salatu duten egoera Iruzurraren Aurka Borrokatzeko Europako Bulegoaren (OLAF) txosten sailkatu batek jaso du orain, Frontexek giza eskubideen urraketak modu jarraituan burutu dituela argituz. Halaber, dokumentuak agentziaren gardentasun falta eta bere zenbait langileren aurkako jazarpen kasuak ere nabarmentzen ditu.

120 orri baino gehiagoko txostena apirilean idatzi zen, baina orain arte ez da argitara eman. Filtrazio baten bitartez, ordea, Der Spiegel egunkari alemaniarraren eta Lighthouse Reports eta FragDenStaat GKEen eskuetara heldu da, eta haiek arduratu dira bere edukiak plazaratzeaz. Dokumentua esteka honetan irakurri daiteke (izen guztiak beltzez estalita daude).

OLAFen txostena 2020tik aurrera Egeo itsasoan emandako pushback edo itzultze ilegaletan zentratzen da bereziki. Front-LEX erakundearen arabera, ordutik hona 43.000 pertsona baino gehiago izan dira metodo horren bitartez Europatik kanporatuak. Bada, dokumentu sailkatuaren arabera, Frontexek Greziako kostazainek buruturiko horietako zenbait pushback babestu eta estali ditu, itsasoan lekuko zuzen zela.

Legez kanpoko itzultze horietan, sarritan, Greziako kostazainek motorrak kentzen dizkiete jada Europako Batasuneko uretan dauden pertsona migratzaileen txalupei, eta Turkiako uretara bueltarazi ostean, noraezean uzten dituzte abandonaturik. Hala, nazioarteko legediaren eta giza eskubideen urraketa nabarmenak izateaz gain, praktika hauek pertsona migratzaileen bizitzen aurkako atentatu larriak dira ere.

Gardentasun eza

Frontexek, Europako Batasuneko agentziarik garestienak (754 milioi euro jaso ditu soilik 2022 urterako), 600 agente ditu Egeo itsasoan eta, OLAFen arabera, haietako hainbat presente izan dira migratzaileen legez kanpoko itzultzeetan. Haiek ikusitakoa jakina eta baimendua zen ere agentziako goi karguen artean, baita bere zuzendari zenaren Fabrice Leggeriren eskutik ere. Honek, hain zuzen, bere kargutik dimititu behar izan zuen apirilean, Frontexen irregulartasunei buruzko ikerketak inguraturik.

Argitaraturiko txostenak Leggeriren agentziaren “gardentasun eza” nabarmentzen du, autoritate komunitarioei oinarrizko eskubideen urraketak izan zitezkeen gertakariei buruzko informazioa ezkutatu ziela azpimarratuz. Eta ez hori bakarrik. Izan ere, Frontexen barnean oinarrizko eskubideen betetzea ikuskatzeaz arduratu behar zen pertsona bere zereginetatik alboratu zutela dio ere dokumentuak, neurri horrek “Egeoko gertakarietan lekukorik ez egotea” bilatzen zuela argudiatuz.

Bestalde, agentziako langileen aurkako umiliazio eta jazarpen kasuak ere aipatzen dira OLAFen txostenean.

Elkarri leporatu, denak errudun direnean

Duela egun gutxi, Frontexen berak jakinarazi zuen Turkiaren eta Greziaren arteko Evros ibaiaren ertzean biluzik zeuden 92 pertsona migratzaile erreskatatu zituela, eta bertan gertatutakoa argitzeko ikerketa bat abiatuko duela iragarri zuen. Greziak, Egeoko uretan Frontexekin batera jarduten duenak, bere aldetik, Turkiari egotzi dio jazotakoa, kostazain turkiarrek migratzaileak biluztuarazi eta ontzietara igoarazi zituela zehaztuz.

Hain zuzen, Greziak urteak daramatza salatzen Erdoganek migratzaileen erabilera politikoa egiten duela, haien bitartez, ustez, Europako Batasuna presionatu eta bere mesedea lortzeko helburuarekin. Ankarak, bestalde, bere erantzukizuna ukatu du, eta, OLAFen txosten berriak seinalatzen duenaren ildo beretik, itzultze ilegalak egitea leporatu dio Greziari.

Bi herrialdeen arteko mugan jarduten duten ekintzaileek bildutako ebidentziek, ordea, argi uzten dute alde bateko zein besteko kostazain eta poliziek urratzen dituztela Europara heldu nahi duten pertsona migratzaileen eskubideak; baita Europako Batasunaren kudeaketapean daudenek ere.