argia.eus
INPRIMATU
Frontexek bazekien ‘Adriana’ ontziko migratzaileak arrisku larrian zeudela, baina ez zuen ezer egin
  • Greziako kostaldean joan den urteko ekainean 720 migratzaile zeramatzala hondoratutako itsasontziaren kasuari buruzko ikerketa publiko egin du Europako Herritarren Defendatzaileak. Azaldu duenez, Frontex erakundeak ez du nahikoa "tresnarik" egoera horietan bere erabakiak hartzeko. Hala, Adriana-ko pasaiariak arrisku bizian zirela jakinik ere, ez zituen lagundu, ez zuelako Greziako agintarien erantzunik jaso. 600 lagun hil ziren.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko martxoaren 01a
'Adriaa' ontziaren irudi bakanetako bat. Greziako kostazainek ez omen zuten erreskate operazioaren irudirik hartu, horretara derrigorturik dauden arren.

Beste behin, erakunde ofizial baten txostenak agerian utzi du Europar Batasuneko utzikeria migrazio politikari dagokionez. Beste behin, zientoka migratzaile izan dira utzikeria hori euren biziarekin garesti ordaindu dutenak. Oraingoan, Europako Herritarren Defendatzaileak atera dizkio koloreak Frontexi, ustez kosta-zaintza lanak egin behar lituzkeen europar erakunde ilun horri.

Joan den urteko ekainaren 14an, Mediterraneoan izandako hondamendi handienetako bat gertatu zen Grezia eta Italia artean, Pilos herritik gertu. Libiatik irten eta 720 migratzaile zeramatzan Adriana arrantzontzi zaharra noraezean zebilen egun batzuk lehenagotik, eta azkenean irauli eta 600 lagun inguru hil ziren, soilik 120 naufrago irten ziren bizirik eta 78 pertsonen gorputzak berreskuratu zituzten; gainerakoak desagertutzat eman ziren, itsasoak irentsi zituen.

Hilabete geroago, The Guardian egunkariak, NDR Alemaniako irrati-telebista kate publikoak eta Solomon Greziako hedabideak, hondamendiari buruzko ikerketa egin zuten. Lekukoak elkarrizketatu eta puntako teknologiak erabili zituzten horretarako, Forensis enpresaren laguntzarekin. Ondorioa izan zen, Greziako kostazainek arrantzontzia soka batekin italiar jurisdikziopeko uretara eraman nahi izan zutenean irauli zela barkua; horren ostean, naufragoek ez zuten inoren laguntzarik izan ordu luzetan. 

2023ko ekainaren 14an gertaturikoa berritu dute zuten hainbat hedabidek, teknologien eta lekukoen laguntzarekin. Irudia: Forensis

Europako Herritarren Defendatzaile Emily O’Reillyk ere ikerketa zabaldu zuen uztailean, eta zortzi hilabete geroago ondorioak eman ditu. Azaldu duenez, Frontex erakundeak lautan eskaini zien laguntza Greziako agintariei, baina erantzunik jaso ez zuenez, ez zuen ezer egin, jakitun izan arren migratzaileak arrisku larrian zeudela.

Bizitzak salbatzea ezin du aukera bat izan Frontexentzat

O’Reillyren ustez kasuak agerian uzten du Frontexek ez duela nahikoa "tresnarik" horrelakoetan esku hartzeko, EBko kide den estatuetako baten baimenari itxaron behar baitio laguntza eman aurretik.

Baina Herritarren Defendatzailearen ustez, larrialdi bat dagoenean migratzaileak laguntzea dagokio erakunde orori, eta gogorarazi du Ursula Von der Leyen Europako Batzordearen presidenteak berak 2020an Europar Parlamentuan esandakoa: “Itsasoan, bizitzak salbatzea ez da aukera bat”.

Azaldu duenez, Frontex “oso kontziente” zen Greziako agintariek nola jokatzen duten itsasoz euren kostaldera iristen diren migratzaileekin: “Bere jarduna ez da hutsetik hasten”, dio. Baina hala ere, egungo araudiak "galarazi" zion Adriana-ren istripuan “paper aktiboagoa izatea”.

 Frontex “oso kontziente” zen Greziako agintariek nola jokatzen duten itsasoz euren kostaldera iristen diren migratzaileekin: "Bere jarduna ez da hutsetik hasten”, dio Europako Herritarren Defendatzaileak

O’Reilly oso kritiko azaldu da itsas salbamenduak bideratzeko garaian Europar Batasunak hartu duen norabide eta duen jokabidearekin. Gogorarazi du 2014an Italian Mare Nostrum plana amaitu zenetik, EBk ez duela erreskaterako beste planik abian jarri, eta Europako herrialdeak migratzaileak aldendu nahian dabiltzala geroztik, haiei laguntzen dieten Gobernuz Kanpoko Erakundeak jazartzen dituzten bitartean.

Gainera, EBk Frontexi “kostazain” funtzioa eman zion arren, “ez da hori izatera iristen”. Mugen eta Kosten Europako agentziak diru-partida handiak jasotzen ditu, 850 milioi euro zehazki, baina migratzaileak kanporatzera eta mugak kontrolatzera bideratzen ditu horietako gehienak eta ustelkeria kasuak ere eman dira erakunde barruan.

Okerrena da, hilabete horiek guztiak igaro direnean, ez dela inongo aldaketarik egin egoera hori konpontzeko, eta herritarren defendatzaileak ez duela baztertzen Adriana arrantzontziarena bezalako katastrofe bat berriz errepikatzea.