argia.eus
INPRIMATU
Fronte Popularra osatuko dute Frantziako ezkerrek hurrengo hauteskundeetan
  • Alderdi Sozialistak, Frantzia Intsumisoak, alderdi ekologistak eta Alderdi Komunistak sinatu dute akordioa. Hautagai-zerrenda bakarra izango dute hauteskunde-barruti bakoitzean, eta eskuin muturraren garaipena eragozteko gobernu-programa egin dute. Ezkerreko beste alderdi batzuk ere bat egin dute hautagaitza bakarraren ideiarekin, tartean EH Bai-k –hautagaitza ere ukanen du seigarren hautesbarrutian–.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko ekainaren 14a
Fronte Popularreko kideak akordioa lortu ondoren. Argazkia: Mediapart

Frantziako ezkerreko alderdiek adostasuna lortu dute Fronte Popularra osatzeko, hainbat egunez negoziatzen egon ondoren. Astelehenean, ekainaren 10ean, akordioa egiteko borondatea erakutsi zuten, Emmanuel Macron presidenteak Asanblada Nazionalaren disoluzioa eta hauteskundeen deialdiaren berri eman ondoren. Alderdi Sozialistak (PS), Frantzia Intsumisoak (LFI), alderdi ekologistak (EELV) eta Alderdi Komunistak (PCF) lortu dute akordioa ekainaren 30eko eta uztailaren 7ko hauteskundeei begira. Euskal Herria Bai (EH Bai) ere Fronte Popularrean parte-hartzeko prest agertu zen astelehenean eta aste honetako negoziaketetan lortu du hautagaitza: Peio Dufau aukeztuko da seigarren hautesbarrutian. Akordioak izen hori darama 1935. urtean Frantziako ezkerreko alderdiek faxismoak Europan zuen hedapena geldiarazteko egin zuten koalizioaren omenez.

Akordioak hautagai-zerrenda bakarrak jaso ditu hauteskunde-barruti bakoitzean eta lehen ehun egunetarako gobernu-programa ere egin dute, eskuin muturra geldiarazteko asmoz. Ezkerreko alderdiek ostegunean Fronte Popularraren deklarazio komuna argitaratu zuten, “elkartzeko itxaropen handia” zutela azpimarratuta. Deklarazioan “proposamen zehatz eta errealistak frantsesen bizitza benetan alda dadin” egingo dituztela adierazi dute alderdi ezkertiarrek. Akordioak ez du argitu nor izango den presidentegaia.

François Hollande presidente ohiak poztasuna erakutsi du eta eskuin muturra boterera iristea arbuiatu behar dela adierazi du TF1 telebista kanalean. “Bigarren Mundu Gerrako liberaziotik eskuin muturra ez da inoiz boterera iristetik hain gertu egon”, esan du Hollandek. Eskuin muturra boterera iristeak kanpora begira izan dezakeen arriskua ere azpimarratu du presidente ohiak.