argia.eus
INPRIMATU
Fronte Polisarioak harremanak hautsi ditu Espainiako Gobernuarekin
  • Pedro Sánchezen gobernuak Sahara Mendebalderako Marokoren autonomia proposamenarekin bat egin ostean dator erabakia.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 11
Mendebaldeko Sahararen aldeko mobilizazioa Iruñean. Argazkia: ahotsa.info

Ohar baten bidez jakinarazi du erabakia Mendebaldeko Saharako Fronte Polisarioak. Azaldu du neurria Espainiako Gobernuak Marokoren posizioa babestu izanaren ondorioa dela, Sahararentzako autonomia, alegia.

“Okupatzaile marokoarraren proposamena ilegala da, Mendebaldeko Saharako lurraldeen anexioa indarrez legitimatu nahi du eta saharar herriak autodeterminaziorako eta independentziarako dituen eskubide besterenezinei muzin egin nahi die”.

Gogor mintzatu da Frontea: “Sánchezen gobernua Sahara erabiltzen ari da Maroko okupatzailearekin negozio miserableak egiteko”. Azpimarratu du Espainiak ardura propioa duela lurraldearen kudeatzaile gisa, bai herritarren aurrean bai Nazio Batuen Erakundearen aurrean. Hain zuzen ere, NBEri ere zuzendu zaio Frontea beste behin, behingoz autodeterminazio erreferenduma antola dezan.

Polisarioak esker ona adierazi die, aldiz, Mendebaldeko Saharako herriari babesa adierazi dieten mugimenduei eta indar politikoei, “gobernuari gogorarazteagatik nazioarteko legedia errespetatu behar duela Saharan, eta autodeterminazio eskubidea errespetatu behar duela”.