argia.eus
INPRIMATU
Fronte Nazionaleko egoitza miatu dute, ustelkeria kasu batengatik
  • Fronte Nazionaleko egoitza miatu du Frantziako Poliziak, “lan faltsuei” lotutako ikerketa batean. Ustez, Marine Le Pen alderdiko buruak Europako Legebiltzarreko diru publikoa desbideratu du bere langileei ordaintzeko. 300.000 euro itzultzeko agindu diote, baina uko egin du.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko otsailaren 21a
Marine Le Pen, FNko burua (Arg.: EFE)

Susmoa da Fronte Nazionalak Eurolegebiltzarreko dirua erabiltzen duela enplegatuen soldatetarako, alderdiko buruei diru-sarrera handiak egiteko eta senideei ordaintzeko. Miaketaren berri –bigarrena ustelkeria kasuengatik– alderdiak berak zabaldu du, ohar baten bitartez. FNk ziurtatu du operazio honen helburua dela “hauteskunde kanpainaren funtzionamendu zuzena uhertzea”.

Polizia operazioa presidentetza hauteskundeetarako bi hilabete geratzen direnean gertatu da. Inkestek emaitza onak aurreikusten dituzte alderdi ultraeskuindarrarentzat, baina ustelkeria kasu gehien dituena da. Esanguratsuena 2015ekoa: FNko 23 eurolegebiltzarkidek kontratu faltsuak zituztela deskubritu zen.

Justiziak ikerketa bat abiatu du, FNk hauteskunde kanpaina guztietan ustez egindako finantzamendu ilegaleko kasuak aztertzeko, Marine Le Penek gidaritza hartu zuenetik. “Europako Legebiltzarrak jazartzen gaitu”, esan du hautagaiak. Le Canard Enchainé astekariak gogorarazi du Jean-Marine Le Pen alderdiaren sortzailea ere antzeko kasuekin lotuta egon zela, senide eta lagunak kontratatzeagatik.

Ustelkeria kasuak beste alderdietan

Fronte Nazionalari lotutako eskandaluak ez du zalaparta handirik izan Frantzian azkenaldian, LR alderdiko hautagai François Filloni lotutako ustelkeria kasuak eklipsatu egin du. Lider eskuindarrari diru publikoa desbideratzea eta gizarte ondasunen abusuen delituak egotzi dizkiote. Ustez, senideak kontratatu ditu.