argia.eus
INPRIMATU
Frantziako hauteskundeak
Front Nationalaren arrakastaz eta politikaren xinplifikatzeaz
  • Demokraziaren paradoxa da demokraziaren kontrakoak boterean ezartzen ahal dituela, boz-emailen borondatez. Frantziako eskualdeetako bozen bigarren itzuliaren emaitzak atera berri dira. Azkenean eta doietarik, Front Nationa-ak, horietaz beita solasa, ez du eskualderik ereman. Bainan edozoin emaitza izanik ere, lehen itzuliko zenbakiak hor dira, eta nahitaez, Frantzia mailan lehen atera da ideia populista, arrazista eta nazionalistak bideratzen dituen alderdi bat.

Xabier Itzaina Laborari 2015eko abenduaren 22a
Jean Ibarnegarai, Uharte-Garaziko alkate eta Petainen ministro faxista, elkarretaratze batean. (Argazkia: Enbata)

Marketing politikoan nagusi direla ez da dudarik: berrikuntza, haustura eta xixtema aldaketa aldarrikatuz, FNak bere erro ilunak hein batean mozorrotu ditu. Bainan oroz gainetik, FNaren diskurtsoak politika xinple bihurtzen du. Eta horrek du jendea hunkitzen.

Politika publikoen eraikuntza prozesu konplexuetan sartzeko orde –beha laborantxa politika, bertzeak bertze–, erretxago da etsai batzuen izendatzea: “UMPS” xixtema, Europa, kanpotiarrak, terroristak. Bainan, eta hortan da FNaren marketinga punduan, maska sekulan arras kendu gabe. Alta, arrazoinamendua bururaino eremaiten bada, ageri da gibelean zer den: alderdi politikoen xixtema ustela da? Alderdiak kendu. 1930 urteetako anti-parlamentarismoa, hemen Ybarnegaray [Jean Ybarnegaray, 1883-1956, Uharte-Garaziko mera eta Petainen Vichyko gobernuan ministro faxista izana] batek argiki aldarrikatzen zuena, ber denboran parlamentari profesionala izanez, bertze paradoxa bat. Europa Bruxelleseko teknokraten esku da? Frantzia eurotik atera, mugak hetsi eta nazionalismo ekonomiko eta politiko hertsienean murgildu. Kanpotiarrak alferrak dira eta laguntzak ardiesten dituzte fitsik egin gabe? Denak itsasora bota era akomoda ditezela. Terrorismo islamista bat bada? Musulmano guzien falta da. Eta abar. Xinplifikatzea.

Eta hedabideek erresponsabilitate pizua dute, xinple den mezu bat hedatzeko xinple delakotz. Ainhoan bigarren itzulian FNak %22 ardietsi ditu. Ainhoan. Duten inseguritate arazo nagusia da Dantxariatik arraildurik atera eta platanak benedikatzen dituzten otoena. Moro bat ikusi duten azken aldia 1492an zitaken, Espainiako arrakonkista garaian. Xinplifikatzea.

Italian “anti-politica” deritzote FNaren ekibalenteak, Lega Nordek, plazaratzen duen diskurtsoari. Errealitate beldurgarria, bainan funtsezko galdera bat altxatzen duena: demokraziak prinzipioz suposatzen du bakotxak baduela arazo sozial eta politikoeri buruz iritzi bat. Boz-emailea jakinean dela. Beraz gakoa hezkuntza da, politikaren konplexutasunaren ateak dener idekitzeko gisan.