Olaf Scholz lehen ministro sozialdemokratak berde eta liberalekin zuzendutako “semaforoaren” gobernu koalizioa hautsi zen urte amaieran. Igandean Alemaniako kantziler berria aukeratzeko hauteskunde orokorrak izango dira, eta, inkesten arabera, kontserbadoreen hautagai Friedrich Merz da faboritoa. Merz urteetan Angela Merkel kantziler ohiaren etsai nagusia izan da CDU-CSU alderdiaren barnean.
Christian Lindner Finantza ministro eta liberalaren burua gobernutik kanporatu ostean Olaf Scholzek gidatzen zuen “Semaforoaren” gobernu koalizioa hautsi egin zen pasa den urte amaieran. Abenduaren 16an Alemaniako Parlamentuan konfiantza mozioa galdu ostean, "orain alemaniarrek erabakiko dute herrialdeak zer norabide hartu behar duen" adierazita, bidea ireki zion Scholzek hauteskunde orokorrak egiteari. Hauteskundeak igandean izango dira, eta inkesten arabera CDU/CSUko Friedrich Merz kontserbadorea da kantzilertzara heltzeko aukera gehien dituena. Hautagai kontserbadoreak Angela Merkel kantziler ohiarekin mantentzen duen etsaitasuna ezaguna da, kanpainaren atarian berriro argitara atera dena.
Nor da Friedrich Merz?
Alemania mendebaldeko Brilon hirian jaioa, bere ibilbide politikoa 1989an hasi zen CDU-CSUko eurodiputatu gisa. 1994tik aurrera Alemaniako Parlamentuan jardun zuen diputatu federal lanetan eta urte batzuk geroago talde parlamentarioa zuzentzera heldu zen. 2000. urtean Angela Merkelek alderdiaren buruzagitza eskuratu zuenean hasi zen tronpatzen Merzen ibilbide politikoa. Immigrazio eta ekonomia arloan zituen tesiek berehala egin zuten talka Merkelek alderdian ezarri nahi zuen ildo demokristauarekin.
Merkelek talde parlamentarioaren buruzagitzatik baztertu eta alderdiko botere guneetatik urrundu ostean, 2009an politika uztea erabaki zuen Merzek. Ordutik urte luzez nazioarteko Black Rock inbertsio funtsarentzat egin du lan. Bere ideologiaren oinarri eta gako batzuk daude 2008an argitaratu zuen Mehr Kapitalismus Wagen (Kapitalismoaren bagoi gehiago) liburuan, zeinetan globalizazioren eta, batez ere, hitzarmen ekonomiko transatlantikoen defentsa zorrotza egiten duen.
Merkelen agurra gerturatzen ari zela ikusi ostean politikara itzultzea erabaki zuen. 2018an eta 2021 Merkelen ildoa babesten zuten Annegret Kramp-Karrenbauer eta Armin Lascheten aurkako primarioak galdu ostean, 2021eko abenduan pandemiaren erdian birtualki egin zuten kongresuan eskuratu zuen alderdiaren buruzagitza. Igandean hauteskundeak irabaziko balitu pentsa daiteke immigrazioa edo ekonomia arloan ez dituela Angela Merkelek babesturiko zenbait politika errepikatuko.
Merkelekin izandako enegarren talka hauteskundeen atarian
Merzek hauteskundeen atarian Alemaniako Parlamentuan immigrazio arloan proposaturiko mozio batek hautsak harrotu ditu herrialdean eta berak ordezkatzen duen CDU/CSU alderdian. Mozioak kontrolak gogortzea eta agiririk gabeko atzerritarrak salbuespenik gabe baztertzeko aukeraren beharraz hitz egiten du. Eskuin muturreko AFDk mozioaren alde kontserbadoreekin batera bozkatu ostean piztu zen gatazka, tartean Angela Merkelek hautagai kontserbadorearen aurka egin zuen bere blogean argitaraturiko iritzi zutabean.
Merkelek gogorarazi zion Merzi “Semaforoaren” gobernua erori berritan adierazi zuela Bundestageko proposamenak berde eta sozialdemokraten adostuko zituela, gobernu berria eratu bitartean. Urtarrilaren 29an bozkatu zen mozioa liberal eta ultraeskuindarrek babestu ostean, Merzek ez duela hitz emandakoa bete salatu zuen kantziler ohiak bere zutabean. Hori gutxi balitz mozioaren bozketak lehen aldiz Angela Merkelek Alemaniako beste alderdiekin batera ultraeskuindarrei ezarritako kordoi sanitarioa hausteko balio izan zuen.
Kontrara AFDko ultraeskuindarrek oso bestelako balorazioa egin dute. AFD alderdiak historikotzat jo du urtarrilaren 29an gertaturikoa, lehen aldiz kontserbadore eta liberalekin batera bozkatu izana mozioa. Espainiako Estatuko el Diario.es agerkariak bere orrialdeetara ekarri ditu AFD-ko Bernd Baumannen hitzak, hau ere Merzi zuzendu zitzaion bozketaren ostean: “Benetan une historikoa da...Merz jauna, zuk lagundu zenuen gertatzen, eta orain hemen zaude, belaunak dardarka, eta barkamena eskatzen”.
Hauteskundeen atarian mozioa bere atean nahigabe sarturiko gol bilakatu da Merzentzat. Alderdiaren barruan hautsak harrotzeaz gain otsailaren 2an “Zintzoen altxamendua, kordoi sanitarioaren alde” lemapean ia 200.000 pertsonak kaleak hartu zituzten Berlinen alderdiei eta batez ere CDU/CSUri eskuin muturretik urrundu zedin exijitzeko.
Giroa baretzeko CDU-CSUren kongresua
Mobilizazioen biharamunean hauteskunde orokorretarako 20 egun falta zirela egin zuen CDU/CSUk bere kongresua Berlinen, “Aurrera berriro ere” lemapean. Mozioaren onarpena salatzeko protesten erdian egindako kongresuan, zorrotz zuzendu zitzaien Merz afiliatuei, hemendik aurrera ez dela AFDrekin elkarlanik egongo esanez eta alderdi horrek azken urteetan CDU/CSUk babestutako politiken aurka egin duela gehituta. Ultraeskuindarrak euroaren eta NATOren etsaiak direla azpimarratu zuen.
Aztoramendua amaitu eta hauteskundeen lasterketan buru-belarri murgiltzeko hitzak izan ziren. Alderdikideen babesa jaso bazuen ere, ikusteke dago hautesle alemaniarren artean eraginik izango duen.
Zer diote azken inkestek?
Alemaniako komunikabideetan argitaratutako YouGov eta Europe Elects inkesta etxeen neurketei erreparatuz gero, Merzek zuzentzen duen CDU-CSUk irabaziko lituzke hauteskundeak bozen %30 inguru eskuratuta. Kontserbadoreak herrialdearen mendebaldeko leku gehienetan gailenduko lirateke. Bigarren postuan geratuko litzateke eskuin muturreko AFD, %21arekin. Ekialdean lehen indarra izango litzateke. Iaz ekialdeko hainbat eskualdetan egindako hauteskundeetan emaitza ikusgarriak eskuratu zituen AFDk, Turingiako landerrean lehen indarra izan zen eta Brandenburgo eta Saxoian gutxigatik ez zuen irabazi. Elon Musk handikiak publikoki babestu du ultraeskuindarren hautagaitza.
Olaf Scholz lehen ministro ohiaren alderdi sozialdemokrata hirugarren indarra litzateke bozen %16 inguru eskuratuta eta alderdi berdearekin ia berdinduta. Argi da beraz gehiengo absoluturik gabeko egoera etorriko dela astelehenetik aurrera. Osatu litezkeen koalizioei begira, Merkelen garaiko kontserbadore eta sozialdemokraten “Koalizio Handia” errepikatzeko aukera handiak egon litezke. Inkesten arabera, gehiengoa osatzeko behar diren 316 eserlekutara helduko litzateke kontserbadore eta sozialdemokraten batura, baina hori eskuin muturraren emaitzek baldintza lezakete.
Gainontzeko alderdien inguruan dirudi Bundestagera sartzeko behar den bozen %5aren inguruan ibiliko direla. Azken asteetan emandako gorakadaren ostean, ezkerreko Die Linke parlamentuan izango da ziur. Ez dago hain argi Sahra Wagenknechtek zuzentzen duen ezkerreko BSW mugimendu populista eta FDPko liberalek parlamentuan sartzea lortuko duten.