Aste honetan kaleratu behar du Vatikanoak Frantzisko aita santuaren entziklika berria, "Laudato Sii" (Goratua Zu) titulua darama, munduak bizi duen krisi ekologikoaren aurrean eliza katolikoaren dotrina markatuko duena.
Egunotan ari dira hedatzen tantaka Frantziskoren (Jorge Mario Bergoglio) entziklika berriaren zertzeladak eta osorik ezagutu aurretik piztu ditu erreakzio beroak mundu osoan. Aita santuak dei larria egingo du iraultza ekonomiko eta etiko baten alde, klimaren aldaketa katastrofikoaren eta handitzen ari den berdintasunik ezaren arriskuak saihesteko. Munduan (teorian bederen) katolikotzat jo daitezkeen 1.200 milioi jendeen buruzagitza dauka Frantziskok.
Entziklikila berriaren aurrerapen mamitsua The Observer igandekarian eskaini du John Vidal kazetari gaiotan adituak: "Explosive intervention by Pope Francis set to transform climate change debate". Alegia, Frantziskoren idatzi zalapartsuak klimaren aldaketaren inguruko eztabaida errotik aldatuko duela. "Aita Santuak dei egingo du gizadiak dagien naturaren ustiatze tiranikoa eten dezan. Bera izango ote da beroketa globalaren kontrako guduan egin beharreko jauzi berriaren liderra?", idatzi du Vidalek.
Oraingoz eta osteguna arte italieraz baizik irakur ez daitekeen "Laudatus Sii" (elizako ereserki baten izena eman dio Bergogliok bere agiriari, euskaraz "Goratua Zu" edo "Gora Zu Jauna" itzuli beharko genuke) entziklikaren aurrerapena gaztelaniaz irakur daiteke Infovaticana gunean: "Infovaticana les ofrece la Encíclica 'Laudato Sii’ tres dias antes de su publicación oficial por el Vaticano".
Vidalek oroitarazi duenez, ez da Bergoglio gaiotaz mintzatzen den lehenbiziko aldia. "Espero daiteke Papa argentinarrak errepikatuko dituela deiak txirotasunari eta naturari buruzko jokabideak aldatzeko. Gizarte mugimenduekin iaz egindako bilkura batean esan zuen: 'Diruaren ontasunean zentratutako sistema ekonomikoak derrigor hondoratu behar du natura hark beharrezkoa duen kontsumoaren erritmo zoroari eusteko. (...) Uste dut badela galdera bat geure buruei oraindik erantzun gabe daukaguna: ez al da gizadia bere burua hiltzen ari naturaren erabilera indiskriminatu eta tiraniko honekin? Kreazioa zaindu behar dugu, zeren eta hura suntsitzen baldin badugu, berak suntsituko gaitu gu. Ez sekula ahaztu hori'".
Iragarri bezain ausart eta zorrotza izango ote da azkenean Bergoglio-Frantziskoren hitza? Egunotan hasiko gara jakiten.