argia.eus
INPRIMATU
Frantziar saltoki handiek herritarren haserrea piztu dute, maskarekin espekulatu dutelakoan
  • Astelehen honetatik aurrera Frantziako Estatuan baimenduta egongo da aldi baterako maskara kirurgikoak saltzea. Osasun arloko elkarteek salatu dute saltoki handiek milioika ale gorde dituztela eurentzako: “Non zeuden maskara horiek mediku edo erizainek behar zituztenean?”

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko maiatzaren 04a
\"Gure bizitzek zuen irabaziek baino gehiago balio dute\".

Aldi bakarrerako maskara kirurgikoen salmentak haserrea eta ika-mika sorrarazi du Frantziako Estatuan. Maiatzaren 4tik aurrera horien salmenta baimenduta dago, baina saltoki handiek astebete zeramaten iragartzen salgai jarriko zituztela oso modu onean, 95 zentimo besterik ez.

Aldiz, osasun arloko langileak botiketan maskarak ezin eskuraturik egon dira koronabirusak gogorren jo duen denbora honetan guztian. Medikuen elkarteek, fisioterapeutek, botikariek, erizainek… denek altxa dute ahotsa espekulazio horren aurrean: “Ez gaude herritar guztiak maskarak edukitzearen aurka, baina botikak osasun langileentzako ondo hornituta egoteko baldintzarekin”, azaldu dio La Croix-eri emaginen elkarteko bozeramaile batek.

Orain arte maskara horien salmenta debekaturik zegoen, horiek eskuratzeko lehentasuna osasun arloak zuelako, baina zailtasun handiak izan dituzte langileek euren burua babesteko. Orain Carrefour, Intermarché edo Leclerc bezalako saltoki handiak ari dira milioika aldi bakarrerako maskara kirurgiko saltzen, edonorentzako balio duten bestelako maskarez gain.

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan ere hasi dira maskarak saltzen, honela adierazi dio Hendaiako botikari batek Euskadi Irratiari: “Pozik gara jadanik saltzeko moduan gaudelako, baina gure galdera da nola lortu duten saltoki handiek 400 milioi maskara atxikitzea”.  Lehendik gordeta zituztela da askoren susmoa.

Merkataritza eta Hornitzaileen Federazioak azaldu du Gobernuaren deskonfinamendu eskari bati erantzuten ari zaiela eta 400 milioi maskara horiek “eskaerak” baizik ez direla. Beste galdera bat sortu da orduan: Txinatik eskari horiek bideratzeko gaitasuna baldin bazuten, zergatik ez zituzten osasungintzarako eskuratu? Nolanahi ere, Osasun Ministerioak, beretzat gorde du saltoki handien maskara horiek atxiki eta behar bezala banatzeko aukera.