argia.eus
INPRIMATU
Palestinako auziak eta antisemitismo salaketek Jaka Horien mugimendua zipriztindu dute
  • 20.000 pertsona manifestatu ziren asteartean "gorrotoaren aurka" Parisen, XIII. arrondizamenduan, iragan larunbatean Jaka Horiek deitu asteroko manifestazioan Alain Finkielkraut filosofoak jaso zituen irain antisemitak salatzeko.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2019ko otsailaren 20a
Parisko XIII. arrondizamenduko manifestazioa. Argazkia: Andréa Mantovani (Libération egunkaria).

Jaka Horiek antolatutako manifestazioan 36 urteko gizonezko batek “sionista eta kaka zaharra” deitu zion filosofo ezagunari. Galderak jalgi dira orain: nor da iraintzailea? Noren interesen alde ari da? Zergatik irain horiek Finkielkrauten kontra?

Badirudi duela hamabi urte filosofoak egindako adierazpen batzuk daudela iturburuan: sare sozialen bidez berriz hasi dira zabaltzen Finkielkrautek Palestinako auziaz esandakoak –besteak beste, baieztatu zuen Gazan jaiotako haurrek ez daukatela "inolako lekurik munduan"–. Intelektual mediatikoa leku zalantzagarrian jartzen duten esaldi horiek, ordea, bigarren plano informatibora pasa dira jaka horidun batek iraindua izan ostean.

Astearteko manifestazioan, Parisko Errepublika plazan, hainbat lema aireratu ziren. Hala zioen horietako batek

– “Zein da zure jatorria?”.

– Ni, Parisko XIII. arrondizamendukoa naiz.

– Bai, baina judutarra edo katolikoa?

Manifestazioak Charlie Hebdo-ren aurkako atentatua salatzeko 2015ean egin zena ekarri zien batzuei gogora; beste batzuei berriz, Johnny Hallydayren aldeko gorazarrea. Politikari edo “ospetsu” guztiak bertan zeuden: Nicolas Sarkozy eta François Hollande presidente ohiak, besteak beste, baita PSko kide ohi Benoît Hamon, Yannick Jadot ekologista, Fabien Roussel komunista, Les Républicains (LR) alderdiko Laurent Wauquiez presidentea, Front de Gaucheko Madjid Messaoudene udal hautetsia, Saint-Denis auzokoa (Seine-Saint-Denis). Esan gabe doa, Emmauel Macron bera eta haren kideak bertan zeuden, presidentea buruan buru.

Frantz Fanon eta Simone Veilen hitzak gogoratu ziren, baita Georges Moustakiren kantak abestu ere, Jean Ferraten plazan. La Pasionaria ere gogorarazi zuten parte-hartzaileek.

Presentzia horien guztien erdian, hutsune bat: Fronte Nazionaleko (FN) Marine Le Penen hitzik ez. Orain aste batzuk L’Express astekariaren lerroburu batek hauxe zioen: “Fronte Nazionala judutarrak seduzitzeko modua bilatzen ari da”.  

Esanguratsua da. Artikuluaren egileek frantziar politikari anitz aipatzen dute artikuluan, eta horien artean Finkielkrauten jarrera azpimarratu ere: “Filosofoak betiko aldea mantentzen du FNtik heldu daitezkeen ekimenekiko”. Asteartean distantzia hori begi-bistakoa izan zen berriro.