"Itotzen ari naiz!": Cédric Chouviaten azken hitzak kontrol polizialean hil aurretik. Le Monde eta Mediapart egunkariek biktimaren telefonoko grabazioak eskuratu dituzte. Inplikatutako lau agenteak zaintzapean jarriak izan dira.
"Itotzen ari naiz!”, errepikatu zuen Cédric Chouviatek zazpi aldiz. Horiek izan ziren bere azken hitzak 2020ko urtarrilaren 3an polizia kontrol baten erdian eraila izan aurretik. Quai Branlyn atxilotu zuten, Sena ibaiaren ertzean, Parisen. Le Monde eta Mediapart hedabideek gertakariaren grabazio telefonikoak eskuratu dituzte. Bertan ikusten denez, lau agentek 42 urteko gizonezkoa trafiko kontrol batean geldiarazten dute. Euren artean garatzen den eztabaidaren harira, poliziak Chouviat atzematen saiatu ziren, baina antza detenez, biktima gehiegizko indarraren aplikazioaren ondorioz zendu zen.
Ekintzan parte hartu zuten poliziak zaintzapean jarri zituzten ekainaren 17an, eta Frantziako Polizia Nazionalaren ikuskaritza orokorraren aurrera eraman zituzten segidan. Ikerketa judizialaren baitan, “hilketa inboluntarioa" delako kargua leporatzen zaie gehienez. Datozen asteetan akusatuak izan daitezke.
Eszena zenbait oinezkok filmatu zuten urrutitik, baina oraintsu arte isilpean mantendu da guztia. Dena den, ikertzaileek Chouviatek berak egindako bederatzi bideoak eta atxiloketan parte hartu zuten polizietako batek hartutako beste hirurak eskuratu zituzten. Hamabi minutuko eztabaidak hobeto ulertarazten omen ditu atxiloketaren inguruabarrak. Gizona lurrean jarri zuten, ahuspez; lekuko baten arabera, itotzeko teknika bat egin zioten. Horren ondorioz, Chouviat koma egoeran eraman zuten ospitalera. Bi egun beranduago hil zen. Autopsiak asfixiaz hil zela ebatzi zuen, laringea hautsita.