argia.eus
INPRIMATU
Frantzian ‘Herri Uholdea’ deitu dute 26rako Macronen politiken kontra
  • Frantzian ezkerreko hainbat alderdi politiko, sindikatu eta gizarte mugimenduk dei egin dute datorren larunbatean, maiatzak 26, Emmanuel Macron presidenteak ezarri dituen politiken kontra borroka egiteko mobilizazioak burutzera. Marée Populaire [euskaraz libreki Herri Uholdea esan daitekeena] delakoak sakondu nahiko luke Nuit Debout mugimenduak irekitako ildoan.

ARGIA @argia 2018ko maiatzaren 21

Jean-Luc Melenchonen France Insoumise mugimendu politiko ezkertiarra eta CGT sindikatua izango dira larunbateko mobilizazioak sustatzen dituztenen artean indar politiko eta sindikal sendoenak, baina luzea da Herri Uholdearen antolaketan ari direnen zerrenda: sindikatu eta alderdi politiko txikiagoak, ATTAC bezalako mugimendu altermundialistak, elkarte feministak, ekologistak, etorkinen ongi etorrian ahalegintzen direnak, eta beste. 

Beren deialdia arrazoitzen honela dute sare sozialetan bezala kaleko esku-orrietan: "Macron, bere gobernua eta MEDEF patronal handia ari direlako ahalegin guztiz inposatu nahian Frantziako gizartearen birmoldaketa sakon bat: murrizketen politika, langileen eskubideen suntsiketa, unibertsitaterako sarbidean selekzioa ezartzea, zerbitzu publikoen ezabatzea, langabetuen egoeraren okerragotzea, justiziarekiko harremanetan desberdintasunak larriagotzea, politika fiskalak aberatsen alde erreformatzea, etorkinekiko errepresioa areagotzea, negozioen sekretua jartzea informazio eskubidearen gainetik, larrialdi dekretua legeria arruntean txertatzea, auzo txiroetako herri mugimenduak eta gazteak zanpatzea, andreak izan arren atzerakada guzti honen sufritzaile nagusiak gizon eta emakumeen arteko berdintasuna komunikazio tresnatzat erabiltzea horretan dirurik jarri gabe... ahaztu gabe maila internazionalean egiten ari den politika militarista".

Mobilizaziorako dei egiten dute Macroni eta gobernuari erakusteko ez duela lortuko orain arteko mugimenduak banaka bakartu eta erraz kontrolatzea eta abian jartzen ari den politika anti-sozialetan atzera egin dezaten behartzeko.