argia.eus
INPRIMATU
Frantzian bi surf parke egitasmo bertan behera geratu dira ekologisten borrokei esker
  • Loira Atlantikoan dagoen Saint-Père-en-Retz udalerrian olatu artifiziala ezartzeko egitasmoa atzera botatzea lortu dute. Itsasotik hamar kilometrora zortzi hektareako nekazaritza lurrak erabiltzeko asmoa zuten. Bestalde, Sevran udalerrian, Seine-Saint-Denis departamenduan, 32 hektareako aisialdi gune bat antolatu nahi zuten eta besteak beste surf parkearen aurka bozkatu du udal batzar osoak.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 21
Saint-Père-en-Retz udalerrian olatu artifiziala ezartzeko egitasmoaren maketa.

Reporterre, le quotidien d’écologie agerkariak eman du albistearen berri. Loira Atlantikoan, 4.000 bizilagun inguru dituen Saint-Père-en-Retz herritxoan nekazaritza lurrak olatu artifiziala eraikitzeko erabili nahi zituzten Bergerie Surf Camp egitasmoaren bidez. Herritarrak eta ingurumenaren aldeko ekintzaileak 2018tik ari ziren protestan surf parkea ez zezaten eraiki. Ekainean egitasmoa bertan behera geratu dela iragarri dute. Terres communes elkartea pozik dago lorpenarekin, baina salatu du elkarteak borrokaren ondorioak jasan dituela, besteak beste, 1.000 euroko isuna ordaindu beharko dute, besteren lurrak zapaldu zituztelako denbora batez han bizitzeko intentzioz.

Elkarteak erne jarraitzen du, herriko alkateak jakinarazi baitu ez duela nahi surf parkerako lurrak berriz ere nekazaritza lurrak izan daitezen.

Sevran udalerrian ere atzera egin dute

Terre d’eaux et de culture zuen izena egitasmoak (uraren eta kulturaren lurra). 32 hektareako lurretan etxebizitzak, aisia guneak eta dendak antolatu nahi zituzten. Tartean zen surf parkea. Herritarrek eta elkarteek proiektuaren aurka egin dute, baita herriko alkateak ere. Maiatzaren 27an egitasmoari beste norabide bat ematea erabaki dute eta tartean surf parkea bertan behera uztea adostu dute. Aurreikusten zen olatu artifizialak urtero 608 milioi litro ur erabiliko zituela.

Inguru berean beste egitasmo bat ez da bertan behera gelditu. Hamar kilometrora, Vaires-Torcy-n, surf parkea egitekotan dira. Francis Redon Environnement 93 elkarteko kidearen ustez, ez dauka zerikusirik Sevrango proiektuarekin eta jasangarriagoa da ingurumenaren ikuspegitik.