Frantziako poliziak Guardia Zibilarekin elkarlanean bart Maconen –Lyondik 70 kilometrora– atzeman dituen ustezko bi etakideek –Izaskun Lesakak eta Joseba Iturbidek– polizia-etxe batean jarraitzen dute atxilotuta. Frantziar agintariek ez dute jakinarazi Lesaka eta Iturbide zehazki zein polizia-etxetan dauzkaten, ezta epailearen aurrera noiz eramango dituzten ere. Legediaren arabera, asteazkenera arte jarrai dezakete polizia-etxean.
Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, Izaskun Lesaka (Burlata, 37 urte) ETAko zuzendaritzako kidea. "ETAko arlo arriskutsuenaren erantzulea zen, eta hori amaitu dugu", esan du. Iturbide (Lesaka, 35 urte), bestalde, 2008an Donibane Lohizunen atxilotu eta Espainaratu egin zuten. 2010ean epaitu zuten Madrilgo atentatu saio batengatik, eta absolbitu egin zuten.
Erreakzioak:
Laura Mintegi (Radio Euskadi): "Ezin dut errepresio-operazio bat txalotu FARC eta Kolonbiako Gobernua Oslon elkarrekin hitz egiten ari direla ikusten ari naizenean. Ziurrenik, FARCen ordezkaritza atxiloturik egon zitekeen azken urteotako ekintzengatik".
Manuel Valls (El País): "Espainiako Gobernuak ETAren inguruan hartutako erabaki guztiak babestuko ditugu".