argia.eus
INPRIMATU
Frantziako zentral nuklearren segurtasunik eza agerian utzi zuten Greenpeaceko kideentzat espetxe zigorra
  • Horrelakoa da Justizia, saritu beharrekoak zigortzeko kapaz. Frantziako Greenpeaceko zortzi militante bost eta seina hilabeteko espetxealdiz gehi isun eta kalte-ordainen pagatzera kondenatu dituzte, Cattenomeko zentral nuklearraren segurtasun falta salatzeko ekintza batengatik. Erregai usatua gordetzen duten piszina zein gaizki zaindua zen erakusteko, militanteok zentralean sartu eta bertan su artifiziala piztu zuten.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2018ko martxoaren 01a
Greenpeaceko kideek 2017ko urrian Cattenomeko zentral nuklearrean sartuta su artifizialak piztu zituzten, segurtasunik eza agerian utziz. (Argazkia: Greenpeace)

Thionvillen burutu den epaiketan, Greenpeaceko ekintzaileek beren burua zuritzeko argudiatu dute alerta jotzaileak direla, beste inork salatzen ez dituen okerrak ilunpetik argitara ateratzen ahalegintzen direnak, non eta zentral nuklearrak eta horiek kudeatzen dituen EDF multinazionala ukiezinak diren. Hedabideetan oihartzun zabala eduki zuen Cattenomeko ekintzaren ondorioz, Frantziako legebiltzarrak batzorde berezi bat sortu zuen zentral nuklearren segurtasuna ikertzeko.

EDFko abokatua, ordea, epaiketan saiatu da Greenpeaceko ekintzaileen argudioa azpikoz gain jartzen. Militanteek zentral nuklearreko arduradunei garaiz abisatu baitzieten beraiek zirela erasoan zihoazenak –kalte handiagorik gerta ez zedin-, EDFk argudiatu du benetako eraso bat izan balitz bestelako erreakzioa izango zutela zentrala zaintzen duten indarrek… nahiz eta demostratuta geratu den bi jendarme baizik ez zirela okupatzen piszina arriskutsu horretaz. Epaileek arrazoi eman diote, antza, EDFri denetan eta ekintzaileentzako bost-sei hilabeteko espetxe zigorraz gain Greenpeaceri ezarri dio 20.000 euroko isuna eta enpresari 50.000 euroko kalte-ordaina irudia hondatu izanagatik.

Auzian Bernard Laponche Energia Nuklearraren komisario ohiak adierazi zuen 2001tik ari zela ahoz bezala idatziz ohartarazten agintariei erregai usatuen piszinen egoeraz eta arriskuez baina inork ez ziela kasurik egin harik eta Greenpeacek ekintza ikusgarri honekin afera mahai gainean jarri zuen arte. Greenpeacek apelazioa egingo dio epaiari, energia atomikoa bezain gai arriskutsu batean oker ari direnak saritu eta okerra salatzen dutenak zigortu dituelako.

Greenpeaceko ekintzaileekin elkartasunez protesta egin zuten kalean.