argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Tourrerako atera dituzten ikurrinek EITB, Kutxabank eta Eusko Jaurlaritzaren logoak dituzte
  • Ekainaren 15ean aurkeztu dute ekimena Inés Monguilot (Kutxabank) eta Luis Manuel Martínek (EITB). Guztira 60.000 ikurrin atera dituzte Frantziako Tourrean banatzeko, hiru erakundeen logoekin.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko ekainaren 16a
Luis Manuel, Juan Mari Aburto eta Inés Monguilot ekimena aurkezten / Argazkia: euskadi.eus

Frantziako Tourrean banatzeko 60.000 ikurrin atera dituzte Kutxabank, EITB eta Eusko Jaurlaritzaren logoekin. Frantziako Tourra Euskal Herrian hasiko dela probestuko dute hainbat erakundek haien markak zabaltzeko.

Inés Monguilot Kutxabankeko marketing eta publizitate zuzendariak eta Luis Manuel Martín EITBko irudi arduradunak aurkeztu dute ekimena. Lehenaren esanetan, Kutxabank erreferentziazko entitate finantzario gisa aurkeztea da asmoa.

Jon Ordoñez Berriako kazetariak azaldu duenez, ezohikoa da ikur nazional batean logotipoak jartzea, are gehiago, finantza erakunde pribatu baten logoa bada. Adibide gisa jar daitezke, Espainiako 39/1981 legea, Espainiako banderan ezein logo edo ikur jartzea debekatzen duena; eta AEBtako Legeen Kodea, ikur nazionala hala erabiltzea debekatzen duena.