argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Tourrera 14,2 milioi euro bideratuko dituzte EAEko instituzio publikoek
  • Orain arte publiko egindako 12 milioi euroez gain, El Saltok argitaratu du beste 2,2 milioi euroko inbertituko dituztela, hainbat hitzarmen eta laguntza publikotan.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko otsailaren 20a

14,2 milioi euro bideratuko dituzte Frantziako Tourrera EAEko instituzio publikoek. Orain arte publiko egin diren gastuez gain, El Saltok jakinarazi du 2,3 milioi euro gehiagoko inbertsioa onartu dutela beste hainbat hitzarmen eta laguntza publikotan.

El Saltok Bilbao Ekintza eta Amaury Sport Organisation enpresaren (Frantziako Tourra antolatzen duen enpresa) arteko kontratua lortu du. Hor ikus daitekeenez, hasieran 7,2 milioi euroko inbertitu zituzten Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udalaren artean. Horri antolakuntza gastuetarako beste 4,8 milioi gehitu behar zaizkio. Guztira, 12 milioi euro.

Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak 3,2na milioi euroko inbertsioa egingo dute, eta Bizkaiko Foru Aldundiak 2,4 milioikoa. EAEko gainontzeko aldundiek eta hiriburuek ere jarriko dute beren partea: Gipuzkoako Foru Aldundiak 1,1 milioi, Donostiako Udalak 850.000 euro, eta Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak 525.000 euro bakoitzak.

El Saltok jakinarazi dituen gastuak, berriz, hainbat kontratutan daude banatuta. Esate baterako, Bizkaiko Aldundiak Amaury Sport Organisation enpresarekin 480.000 euroko kontratua egin du, 2022ko abuztutik 2023ko ekainera bitarte egingo diren "Tourreko tailerrak" antolatzeko. Horrez gain, Bilbao Exhibition Center-ek 81.728 euroko hitzarmena egin du Unipublic enpresarekin, Tourreko erakusketa bat antolatzeko. Unipublic Amaury Sport Organisationen jabetzakoa da.

EAJren gertuko enpresak

EAJren gertukoak diren enpresek irabaziak izango dituzte Tourraren harira egin diren inbertsioengatik, El Saltoren arabera. Sormen Komunikazioak 119.000 euro jasoko ditu (Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariaren emazterena da enpresa). Horrez gain, EAJrentzat lan egin duen publizitate agentziarekin ere lotu dute kontratua, 145.000 eurokoa.