argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Tourrean “murgiltzeko esperientzia”: tirolina erraldoia, “food-truck”-a eta herri kirolak
  • Ekainaren 29an egingo da Frantziako Tourreko taldeen aurkezpen ofiziala, Bilbon. "Fan Park" handia jarriko dute erakundeek.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko ekainaren 20a

Askotariko ekintzak antolatu ditu Eusko Jaurlaritzak, tokiko erakundeekin elkarlanean, Frantziako Tourra uztailaren 1ean Euskal Herritik abiatu aurretik. "Tour-aren giroan murgiltzeko" parada eskaini nahi die herritarrei.

Uztailaren 1, 2 eta 3an txirrindulariak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako errepideetan ariko dira pedalka; txapelketaren aurkezpen ekitaldia ekainaren 29an egingo dute, ostegunez, Bilbon. Taldeen aurkezpena Euskalduna Jauregiaren eta Guggenheimaren artean izango da, eta Areatzan, berriz, "Tour-eko giroan murgiltzeko esperientzia" eskainiko dute "Fan Park" deiturikoan, ekainaren 29an, 30ean eta uztailaren 1ean.

Besteak beste, babesleen standak egongo dira animazioekin, opariak, tirolina erraldoia, bizikleten erakusketa eta bi gurpilen gainean ibiltzen ikasteko pistak. Horrez gain, herri kirolen eta euskal dantzen erakustaldia ere egongo da, eta era berean, bisitariek hainbat food-truck-ez gozatzeko aukera ere izango dutela jakinarazi dute ekitaldian.

"Instalazioak" turismoa erakartzeko

Eusko Jaurlaritzak dio "munduko erakusleihoa" izango dela Frantziako Tourra, bereziki telebista-emanaldiei begira, eta hori baliatzeko, hainbat ekintza aurreikusten ditu leku eta puntu "sinbolikoetan", "hainbat baliabide turistiko nabarmentzeko". Besteak beste, Bizkaia Zubian, Bizkaiko Flysh-ean, Urdaibain eta Lekeitioko Santa Katalina Itsasargian egingo dira.

Donostia: diplomazia eta city dressing-a

Herritarrek kalean aurkitu ahalko dituzten dekorazioak dira city dressing-ak. Dena den, Donostiaren erakargarritasuna "ondare materiala erakustea" izango da gehiago: besteak beste, San Telmo Museoak "Bizikleta. 150 urte" erakusketa hartuko du, zeinak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan fabrikatu izan diren bizikletak bistaratuko dituen.

"Kirolaren diplomazia" gizarteratzeko, bestalde, uda ikastaro bat eskainiko da Miramarren, EHUren bidez.

Gasteiz: mugikortasun jasangarria eta Green Capital zigilua

Ekainaren 30ean egingo den Bicycle Summit Euskadi 2023 kongresua izango da abiapuntua. Mugikortasun jasangarrian, bizitza osasungarrian eta turismoan sakontzea izango da helburua, bizikleta ardatz hartuta.

Uztailaren 1ean, bestalde, smart bizikleten plaza bihurtuko da Ama Zuriaren Plaza. Gasteiz eta Donostia modu birtualean lotzeko ekintza egingo dute, bizikletaz 209 kilometro eginda, pantaila erraldoi batekin.