argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Tourra Hego Euskal Herrian: 1.700 ertzain eta lau orduko zirkulazio mozketak lasterketa aurretik
  • “Grand Départ Pays Basque 2023” dela eta, Eusko Jaurlaritzak inoiz izan den “segurtasun-operatibo” handienetako bat aurkeztu du ekainaren 5ean. Txapelketak udako irteera operazioarekin bat egingo du, aireportuak eta trafikoa oztopatuz.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko ekainaren 06a
Euskal erakundeek egindako agerraldia, ekainaren 5ean / Argazkia: letour.euskadi.eus

Eusko Jaurlaritzak jakitera eman du inoizko “segurtasun-operatibo” handienetakoa jarriko duela martxan Frantziako Tourra Hego Euskal Herritik pasa dadin. Uztailaren 1etik 3ra bitarte aireportuko sarbideak eta trafiko aldaketetan eragingo du, izan ere, guztira EAEko 108 udalerrietatik igaroko da.

Kalkuluen arabera, Ertzaintzak eta udaltzaingoak errepideak txirrindulariak igaroko direna baino lau ordu lehenago moztuko dituzte. Guztira, 2.190 mozketa-puntu eragingo ditu. Hori gutxi balitz, Frantziako Tourra Hego Euskal Herritik igarotzeak udako irteera operazio eta itsasarteko Pasabidea Operazioarekin bat egingo du.

Azken asteetan Ertzaintzaren barneko mugimendu asindikal batek protestak abiatu ditu beren soldata igoera eskatzeko, besteren artean. Frantziako Tourra bera mehatxatu dute, beren aldarriei kasurik egin ezean. DUela urte batzuk ez bezala, orain etxe barruan "arazoak" dituela aitortu du Ertzaintzaren buruak.

Euskararen alde Iparraldean

Frantziako Tourraren antolatzailea den ASO elkarteak eta Baionako herriko kontseiluak adostuta euskararen presentziaren alde egingo dute, txapelketa Iparraldetik igaro bitartean. Izan ere, Akitania etorbidean, hirugarren etaparen helmugan, euskal animatzaile bat ezarriko dute speaker ofizialarekin batera. Gainera, seinaleak eta komunikazio euskarriak frantsesez eta euskaraz idatziko dituzte.