argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Tourra gelditu dute ekintzaile ekologistek, klima larrialdiaz ohartarazteko
  • Astearteko hamargarren etapa minutu batzuez gelditu dute Dernière Rénovation erresistentzia zibileko kanpainaren bultzatzaileek, lasterketa Morzine eta Megève artean zela. Larrialdi klimatikoaz ohartarazi nahi izan dute. "Gure suntsidurara garamatzan lasterketa eroa geratu behar dugu", adierazi dute ekintzaren ostean publiko egindako prentsa oharrean.

ARGIA @argia 2022ko uztailaren 13a
Argazkia: Dernière Rénovation

Helmugatik 36 kilometrora moztu dute ekintzaileek lasterketa, errepidean eseri eta bengalak piztuta, etaparen buru zihoan Alberto Bettiol txirrindulariaren ihesaldia etenaz. Larrialdi klimatikoaz ohartarazi nahi izan dituzte ikusleak, "martxan den hondamendi klimatikoaren ikusle huts" izan ezin gaitezkeela adieraziz. Dernière Rénovation-eko kideen arabera, 989 egun geratzen zaizkio gizateriari bere burua salbatzea ahalbidetu diezaioken norabidea hartzeko.

Tourreko arduradunek eta poliziek ekintzaileak errepidetik atera dituzte, eta minutu batzuen ostean lasterketa berriz ere abiatu da, etenaldiaren aurretik txirrindularien artean zegoen alde berdina ezarrita.