argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Tourra ez dute bertan behera utziko, abuztuaren 29an hasiko dela iragarri dute
  • Antolatzaileen arabera, nahiago izan dute Tourra atzeratu, bertan behera utzi baino, "txirrindularitzarentzat kalte txikiagoa" delakoan.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 15

Mendetik gora duen Frantziako Tourrak Covid19 gaitzari aurre egin nahi dio. Udako jaialdiak bata bestearen atzetik bertan behera geratzen ari diren honetan, hala nola Eurokopa edo Olinpiar Jokoak, txirrindularitza lasterketako zuzendari Christian Prudhommek apirilaren 15ean data berriak iragarri ditu.

107. edizioa abuztuaren 29tik irailaren 20ra izango da, eta ez ekainaren 27tik uztailaren 19ra, hasiera batean aurreikusita zegoen bezala. Tropela Nizatik abiatuko da, eta aurrez iragarri zuten ibilbidea egingo du, Le Mondek informatu duenez.

"Hastapenean abuztu hasierara atzeratzea pentsatu genuen, ez genuen ezer pentsatua uztailerako, baina Xavier Bigard (Nazioarteko Txirrindularien Elkarteko mediku ezaguna) irakaslearen hitzartzea entzun ostean, geure buruari esan genion: joan gaitezen ahalik eta urrunen".

Atzerapen hau ezinbestekoa zen, Frantziako presidente Emmanuel Macronek apirilaren 13an esan baitzuen "gertakari jendetsuak guztiz debekatuta" zeudela gutxienez uztail erdira arte.