argia.eus
INPRIMATU
Frantziako sindikatuek grebara deitu dituzte Ipar Euskal Herriko ikastetxeak astelehenerako
  • Frantziako Gobernuak ikastetxe eta lizeoetako 2.650 lanpostu, irakaskuntza pribatuko 500 eta administrazioko 400 ezabatu nahi dituela salatu dute sindikatuek.

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko azaroaren 09a
SEASKA iparraldeko ikastolen federazioak, iparraldeko ikastolen alde irailean Baionan egin zuen manifestazioa.

FSU, UNAS, SGEN-CFDT, CGT, FO, SUD eta SNALC sindikatuek Ipar Euskal Herriko ikastetxeak asteleheneko grebara deitu dituzte, Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroak irail amaieran iragarri zituen erreforma proiektuak bertan behera uztea eskatzeko.

Konfiantzaren eskola batentzat lege proiektua datorren urtarrilean bozkatu nahi dute Frantziako Asanblea Nazionalean, 2019-2020 ikasturtean indarrean jartzeko.

Blanquer ministroak lehen mailako eskoletan 1.800 postu berri sortu nahi ditu, baina sindikatuen esanetan, “helburu hori gauzatzeko ezin dira baliabideak beste eremu batzuetatik murriztu”.

Frantziako Gobernuak hezkuntzarekiko erakutsi nahi duen lehentasuna “desio irreala” dela eta aplikatu nahi duten erreformek “lanpostuen murrizketa” bilatzen dutela ere gaineratu dute sindikatuek.

Horren aurrean, asteleheneko greban: postuen murrizketak gelditu eta beharrezkoak diren lanpostuak sortzea, Konfiantzaren eskola batentzat lege proiektua baztertzea, baxoa eta lizeoaren erreforma bertan behera uztea edo akademien bateratzeko proiektua atzera botatzea aldarrikatuko dute.

Mobilizazio gehiago

Baionan manifestazioa egingo dute astelehenean, 10:30etan, eta LAB sindikatuak ere bat egingo du mobilizazioarekin. “Langile eta irakasleen lan baldintzen aurkako erasoa” dela eta “ikastetxeei izaera liberal eta atzerakoia” eman nahi diotela adierazi du sindikatu abertzaleak.

Pettan Aizager, LAB sindikatuko irakaskuntzako ordezkariak azpimarratu duenez, lanpostuak kenduz ez da “hobeto irakatsiko” eta Lehen mailako eskoletan lanpostuak gehitzeko, bigarren mailakoetan “murrizketak” egingo dituztela ez du aipatu Frantziako Gobernuak.