argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Segurtasun Lege berria, salbuespen neurriak lege arrunt bihurtzeko
Andoni Mikelarena @andonimik 2017ko urriaren 31

“Erregimen aldaketa da, V. errepublikan, ez zen sekula hainbeste botere bildu gobernuaren eskuetan”, uste du Frantzia Giza Eskubideen ligak. Hamabost urtean hamabigarren segurtasun legea aurkeztu du Macronen gobernuak. Bertan, “salbuespen prozedurak lege arrunt” bilakatzen dituzte Bortairuren ustez.

Frantziako Estatuan gertatu diren atentatu odoltsuen ondoren segurtasun politika kritikatzea oso zail bihurtu da Bortairuren hitzetan. 2015eko azarotik larrialdi egoera sei aldiz luzatu du Frantziako Gobernuak. Tartean Amnesty Internazionalak salatu duenez 155 manifestazio debekatu dira eta 639 pertsonari manifestaldietan parte hartzea debekatu zaie.

Orain arte salbuespen neurriak zirenak, orain arrunt bilakatu nahi ditu Frantziako Gobernuak, legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren lege berriaren bidez. Prefetak “babes eremuak” deiturikoak sortu ahalko ditu “terrorismo mehatxupean egonez gero”. Eremu horietan, justiziaren esku hartzerik gabe, poliziak edozein kontrol egin ahalko du.

Mugetan egin ohi ziren nortasun kontrol masiboak ere, aireportu, portu eta geltoki guztietara zabalduko dituzte, lurraldearen %29ra. Gainera, inolako baimen juridikori gabe poliziak hamabi orduko kontrolak egiteko aukera izango du (orain sei ordukoak izan zitezkeen). Zenbait ekintzaile eta epaileren ustez, terrorismo gaietan hemendik aurrera, frogen ordez susmoak eta iragarpenak bilaka daitezke kondena baten oinarria.