argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Poliziaren teknika berria: manifestariak produktu ikusezin batekin markatu, ondoren atxilotzeko
  • Martxoaren 26an bi pertsona atxilotu zituzten Sainte-Solinen, bezperan izandako manifestazioan PMC produktuarekin markatuak izan ondoren. Lehen aldia da Frantzian produktu hori manifestarien aurka erabiltzen dutena, eta atxilotuek beren kasuen berri eman dute hedabideetan.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko apirilaren 11
Istiluak izan ziren martxoaren 25ean uraska erraldoien aurka egindako manifestazioan, Sainte Solinen. (Argazkia: AFP/Yohan Bonnet)

Bi pertsona atxilotu dituzte Sainte-Solinen (Frantzia), Poliziak produktu ikusezin batekin markatu ondoren. Martxoaren 25ean uraska erraldoien aurka izandako manifestaziotik PMC produktuaz markatuta atera ziren, eta hurrengo egunean atzeman zituzten.

Teknika honekin, Poliziak paintball errifle batekin manifestariak urrutitik seinalatzen ditu PMC produktuarekin. Produktua ikusezina da, eta asteak irauten ditu azalean eta arropetan. Izpi ultramoreekin baino ez da ikusten.

Clemente B izan zen atxilotuetako bat, Le Monde eta Radio Francentzat lan egiten duen kazetaria. Reporterre-ri adierazi dionez, ez zuen kontakturik izan Poliziarekin manifestazioan. Martxoaren 26an errepideko kontrol batean geratu zuten, eta autoa miatu zioten. Kanpora atera, eta izpi ultramoreen lanpara bat gainetik pasa zioten. Ondoren, Jendarmeriara eraman zuten, eta han ere lanpara pasa zioten. Kazetariak dioenez, "feltrozko marra" bat ikusi zuen bere eskuan. Pertsonen aurkako indarkeria eta ondasunak kaltetzea egiten zuen talde baten parte izatea leporatu zioten. 28 orduz eduki zuten atxilo.

Bigarren atxilotuak hatz lodiaren eta hatz erakuslearen artean orban txiki bat zuen. Reporterreri azaldu dionez, produktua ez zioten zuzenean eman, norbaitekin edo zerbaitekin kontaktua izanda iritsi zen bere eskura. Izan ere, PMC-ak bost minutu inguru behar ditu lehortzeko, eta tarte horretan transferitu egin daiteke.

Lehen aldia da Frantzian manifestarien aurka teknika hori erabiltzen dutena. Beste kasu batzuetan erabiltzen dute, lapurretei aurre egiteko produktu garestiei emanda, esaterako.