argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Poliziak Hendaiara sarrera ukatu dio oporretatik bueltan zen frantziar bati
  • G7aren goi bilera dela eta mugako zaintza kontrolak zorroztu dituzte, eta segurtasun neurriek debekatu egin diote bere herrialdera sarrera. Euskal Irratien bidez kontatu du gertaturikoa.

ARGIA @argia 2019ko abuztuaren 21a
EITBren bideo bateko irudia. Kartel bat ageri da, muga zeharkatzea ekiditea gomendatuz.

Irrati bidez azaldu duenez, Espainian oporretan egon ostean bere herrialdera bueltatu da. Alabaina, Hendaiako Santiago zubian ez atzera ez aurrera geratu da, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga igaro ezinik. Muga igarotzeko beharrezko paper guztiak izanik ere, Frantziako Poliziak ez dio herrialdera sartzen utzi.

“Espainian oporretan izan naiz. Beharrezkoa ez bada ere, pasaportea berritzen ari naiz, baina osasun txartela eta hauteskunde txartela ditut”, adierazi du. Horrez gain, jakinarazi du prefetaren ziurtagiri bat ere erakutsi diola Poliziari, baina hala ere ez diote muga igarotzeko baimenik eman.

Jatorriz senegaldarra bada ere, nazionalitate frantsesa du gizonak. Bizi duen egoera ikusirik, salaketa jartzeko asmoa agertu du, Espainiako Polizian bada ere. Horrez gain, Irungo Harrera Sarera jo du laguntza eske. Harrera Sareak jakinarazi du zenbait migratzaile antzerako egoerak pairatzen ari direla, goi bileraren karira zorroztutako mugako kontrolak direla eta. “Mugaz gaindiko garraio publikoa ezabatuta, lurretik, airetik, ibai eta itsasoz Miarritzeko goi bileraren ondorioz dauden kontrol hertsiak erabatekoak dira migratzaileentzat. Baina ez haientzat soilik”, jakinarazi dute.